Hiru autobus bete-bete Oriotik Urretxura

Karkara 2014ko eka. 5a, 11:00
Argazkia: Goiena
Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko 123 kilometro luzeko giza katea egingo da igandean, ekainaren 8an. Oriotarrak Urretxura joango dira; eta katea osatu ondoren, Lazkaora, han egokitu baitzaie festa lekua

Lortu dute helburua. Pozik daude antolatzaileak. Ekainaren 8an, igandearekin, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzera doazen oriotarrak ia 200 dira. Azken astean jende askok eman du izena eta 180 metro baino gehiago beteko ditugu oriotarrok, azaltzen du Rosi Lazkanok. Azken momentuan asko animatu dira eta autobus gabe geratu gara; dena den, piezak mugitzen gabiltza joan nahi duen guztiek aukera izan dezaten. Ez dugu inork etxean eta joateko gogoekin geratzerik nahi. 

Autobus gabe geratu direnak antolakuntzarekin jarri dira kontaktuan, eta berehala kokatu dituzte giza katera joan ahal izateko. Jendeak prestutasun handia erakutsi du eta hori lagungarria izan da. Badaude familiak izena hasieran eman zutenak eta izatez nahiago dutenak furgonetan joan; horiek, esaterako, beraien eserlekuak utzi dizkiete geroago sartu direnei. Modu batera edo bestera, baina azkar batean kokatzen dituzte izena emandako guztiak.

Oraindik giza katera joan nahi duena, garaiz dabil. Autobusak egon ez arren izena eman dezakezu eta guztia antolakuntzakoekin finkatu. Horretarako Rosi Lazkanori deitu behar zaio 671070569 telefonora.

Giza kateari jarraipena 

Ekainaren 8a guztion memorian geratzeaz gain, hemeroteketan ere geratu ahal izateko ahalik eta argazki gehien eskuratzea komeni da. Zuen kamerekin edota mugikorrekin ateratako argazkiak 647 319 747 telefono zenbakira bidali ditzakezue. Horrez gain, #GukErabaki traola eta dagokizun kilometro zenbakiaren traola erabilita txiokatzea eskatu dute antolakuntzakoek. 

Lazkao, oriotarren festa gunea

Euskal Herrian bost herri izendatu dituzte festaleku gisara. Horietako bat, oriotarrei egokitu zaiena, hain zuzen: Lazkao.  Hamar mila lagun elkartzea espero dute antolatzaileek eta festa giroko ekitaldiekin guztiek gozatzea. Jaia 13:00etan hasiko da:

  • 13:30ean Goierriko Bertso Eskolako bertsolari gazteak
  • 14:00 Gure esku bidea ekitaldia
  • 14:30 Herri bazkaria plazako frontoian 15 euroren truke
  • 15:30 Patxin eta Potxin pailazoak Lazkao Txiki zelaian
  • 16:30 Mutxiko dantzak Ramuntxo Zubeldiaren eskutik
  • 17:00 Erromeria Guri5! musika taldea
  • 18:00 Eskuetan abestiarekin flashmoba Oin-Arin dantza taldeak gidatuta
  • 18:30 Erromeria Guri5! musika taldearekin

Horrez gain, egunean zehar haurrentzako jolas parkea, puzgarriak, tailerrak, musikariak, txarangak, trikitilariak eta beste hainbat ekintza egongo dira. 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!