Goiuri Unanue: "Paperean sortutako hori forma hartzen ikustea izugarria da"

Karkara 2014ko eka. 6a, 09:30
Argazkia: Garazi Lertxundi
Goiuriren amona herrian modista izandakoa da. Etxean josten zebilela, Goiurik, ahizpa eta lehengusuekin batera, lurretik orratzak jasotzen zizkion eta albaindutakoa kendu. Txikitan albainua kendu, eta orain, jostorratza eta haria hartu eta telak albaintzen ibiltzen da; amonak erakutsitakoa praktikan jartzen.

Irakasle ona izan duzu...

Bartzelonan ikasten dut, hortaz, Oriora ez naiz sarritan joaten. Halaber, joaten naizenean gustu handiz laguntzen dit, eta eskertzen da horrelako maistra alboan izatea. Berak beti esan izan dit ez sartzeko jostunen munduan, asko sufritzen dela eta...

Zuk, ordea, jostunen munduan sartzeko lehen urratsa eman zenuen.

Berak 81 urte ditu eta arin arina dago, beraz, ez da horren txarra izango!

Noiz eman zenuen orratzekin jolastetik, orratzekin josterako pausua?

Nire lehen josteko makina jaunartzea egin nuenean oparitu zidaten, nire amonaren ahizpak, hain zuzen. Harekin jolasean ibiltzen nintzen, saltseatu egiten nuen. Josi, lehenengoz, 13 urte nituela egin nuen, amonaren laguntzarekin. Hiru gona egin genituen, eta nik diseinatu eta albaindu egin nituen.

Gainontzeko haurrek panpinekin jolasten zuten bitartean, zuk panpinak janzten zenituela esan daiteke...

Txikitan jostuna izan nahi nuen. Gerora ile-apaintzailea eta irakaslea ere izan nahi nuen, baina berriz modarako gosea sortu zitzaidan. Eta orain, hemen nago, Bartzelonan, moda ikasten. EEES graduko bigarren maila bukatzear nago.

Ikasten hasi zinean, gehiago gustatu ala damutu egin zinen?

Sortzaile batek behar duena barrua hustea da, eta niri diseinuarekin hori gertatzen zait. Buruan dudan hori materializatzen dut diseinuaren bitartez, eta diseinuetan nire izatea isladatzen da. Aditzera eramateko modu bat da niretzat.

Orduan, zure aldartearen arabera zure sormenak ere aldatu egiten dira?

Formak, koloreak, kontrasteak, bolumena... aldatu egiten dira. Dena den, ni beltz kolorearen aldekoa naiz. Oso kolore berezia iruditzen zait, kolore guztien batura baita. Askok tristurarekin identifikatzen badute ere, niri gauza osoa iruditzen zait, sentimendu ezberdin askoren batura. Gainera, asko estilizatzen du eta joku asko ematen du diseinatzerako garaian.

Eta kostakoa izaki... itsasoaren urdina?

Oriokoa izanik, nire inspirazioaren iturri nagusia itsasoa da. Nire lanak begiratzean, berehara ohartuko zara itsasoarekin duten loturarekin. Nire gelakide guztiek dakite zer den Orio, nolakoa den, zenbat maite dudan bai Orio, bai hondartza, bai itsasoa...

Nola ba, ez badira inoiz Orion izan?

Diseinatu baina lehen, proiektu bakoitzaren hastapenetan, sketchbook bat egin behar dugu. Inspirazioa biltzen duen liburua da, eta bertan inoiz ez da Orio falta.

Sketchbookaren ondoren, zein da eman beharreko lehen pausoa?

Proiektuaren araberakoa da, eskolan eskatzen digutenaren araberakoa. Ikasten ari garenez beti teknika eta dinamika ezberdinak probatzera bultzatzen gaituzte, etorkizunean bakoitzak bere teknika errazago aurkitu dezan.

Eta diseinatu ostean, argazki bildumak egiten dituzu.

Argazki bilduma horietan ere itsasoak presentzia handia dauka. Behin eraldaketa bat egin behar genuen, 46 tailako galtza zuzen batzuekin. Itsaso txarra irudikatu nahi nuen, denboralea islatu eta euskal kosta bizitzen ari zena erakutsi. Hortaz, Zarauzko malekoiean triskantza gertatu ondoren atera nituen argazkiak.


Argazkiak: Iker Gozategi

Tolesdurak jarri dizkiot hausturak erakusteko eta atzean gona bat olatuak errepresentatzen. Gauza txiki batzuk aldatzen galtza guztiz ezberdinak egin ditut: 34-36 tailako galtza altu batzuk.

Katastrofearen ondorena erakutsi zenuen, hortaz. Eta guri, zer gehiago erakutsi diezagukezu?

Kulero sorta batetik body bat egin nuen, adibidez. Stocken geratutako jantziak aprobetxatu behar genituen, arropa bat errepikatzen beste bat sortu behar genuen. Erabiliko ez duzun horri bizitza ematea da kontua, berrerabiltzea.

  

Beste hau egiteko, adibidez, etxean daukadan maskara Veneziar batetan oinarritu nintzen eta bertako inauteriak islatzen ahalegindu nintzen. Txantxoa lehengo urtean Venezian bertan erosi nuen, eskola bidan. Txuria, horren kuttuna dudan itsasoa eta uraren aparra da.

 

 

Ondorengo hau egiteko Marinelaren zain abestian inspiratu nintzen. Sorbaldetarako bolumen bat eraiki behar zen eta momentu horretan abesti hori ari nintzen entzuten, hortaz, abestiak esaten duena islatzeari ekin nion: neska bat marinel batekin maitemintzen da, baina aitak jauntxo batekin ezkontzera behartzen du. Osagarri horrek hori islatzen du: suminduta, marinelaren zain dagoen ezkontzako beloa. Eta materiala Orioko itsasontzietakoa da: sarea, kortxoa...
 
 

Irudimena landu, diseinatu, josi... zorrotza da, ezta?

Gau eta egun honi eskaintzen diogu,denborak mugatzeaz gain kalitatezko produktuak egin behar baititugu. Finean, moda munduaren erritmoan egiten dugu lan.

Modaren mundua aipatu duzu, monopolioek indarra duten mundua al da?

Txotxongiloak gara munduan, baita modaren arloan ere. Esplotazio ugari dago, diru asko mugitzen da, estresa besterik ez dago... Niri pertsonalki ez zait batere gustatzen modaren alderdi hau, hortaz, nahiago du goi joskuntza, hau da, inoiz modaz pasako ez diren kalitatezko produktuak. Hamar gauza erosi beharrean bi erosiko dituzu, baina bi hilabeteren buruan ez dira zulatuta egongo.

Kontzientziatzea falta da?

Mareak egiten duena egiten dugu; giza-marea horretan bat gehiago izan nahi dugu. Ondo ikusita dago arropa asko edukitzea, hortaz, nahiago dugu lau txar erosi bi on erosi ordez. Dirua ere erabiltzen dute aitzakia gisa, baina nire honetan pentsatzen det: bi on erosteko ez baina ehun txar erosteko bai? Halaber, badirudi jendea pixkanaka-pixkanaka kontzientziatzen ari dela. Kontsumismo honek ezin du erreala izan, eta jendea hortaz ohartzen ari dela esango nuke.

Zuk ere kontzientziazio horretan zure hondar-alea jarri duzu, ezta?

Nere ilusioa tailer bat irekitzea da, arropak neurrira egin ahal izateko.  Honela, neureganatzen ditudan bezeroak mekanismo kontsumistatik aterako nituzke.

Udaran emango duzu helburu hori lortzeko lehen pausoa, ezta?

Aitaren proposamena izan zen eta nik onartu egin nuen izugarrizko ideia iruditu zitzaidan eta. Tailer bat jarriko dut, Orion bertan, diseinuaren mundua gustatzen zaion jendeari ateak irekitzeko. Diseinuak egiteko prozedura azaltzea da nere asmoa, oinarrizko patroiak egiten erakustea, jantziren bat jostea... Baina jendearen interes eta gaitasunaren arabera norabide bat ala beste bat hartuko du tailerrak, bezeroaren nahiaren araberakoa izango da.

Ikasitakoa irakasteko asmoz, beraz.

Paperean sortutako hori forma hartzen ikustea izugarria da, asko betetzen dit. Eta hori jendeari helarazi nahi diot, ahal dudan guztia erakutsi eta lagundu. Hortaz, tailerretan parte hartu nahi duena jar dadila kontaktuan nirekin kuttunttiki@gmail.com helbidera idazten edo 600390238 telefonora deitzen.

Bestetik, ikasten jarraitzeko gogoz nago, nahiz eta gogorra egiten zaidan etxetik kanpo egotea. Distantzia oztopo izan arren, ez da muga, eta gertukoen laguntza daukat uneoro. Horrek indartu egiten nau, poztu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!