Hainbat organo-jotzaile Azkueren omenezko kontzertuan

Karkara 2014ko eka. 18a, 09:38
Ekainaren 27an, iluntzeko zortzietan, organo kontzertua izango da Joxe Manuel Azkue omentzeko helburuarekin eta Orioko organoa ezagutzeko asmoarekin

Bariko San Nikolas Elizako organoak era askotako errepertorioa jotzeko aukera ematen du. Organo berezia da Oriokoa eta organo-jotzaile ezberdinek berau joko dute; eta bide batez, Azkue omendu. Sei urterekin hasi zen oiartzuarra pianoa jotzen; 11 urterekin, Villafrancara joan zen ikastera, eta bere maila onarekin harrituta geratu ziren bertan. Ezkondu berritan ameriketara joan zen, eta han ere txundituta geratu ziren Azkuek zuen doaiarekin. Sema alabak koxkortu zirenean, oporretara etorri zen hona eta hemen geratu zen.

San Mariako basilikan organo-jotzaile izateko oposizioak atera eta elizkizunetan jotzen hasi zen, baita kontzertuak ematen ere. Xabier Lizasok laguntzen zion, eta bera ez zegoen mezetan Lizasok jotzen zuen. Bera ere piano jolea da eta kontzertua berak antolatu du, Azkueri erakutsitako guztia eskertu nahian: asko erakutsi zigun. Berarengatik ez balitz ez ginateke egun garenak izango, aitortu digu.

Bere inpresioak elkarbanatu zituen adin bereko organo-jotzaileen artean. Ohartu zen sentimendu orokorra zela eta guztiek mirensten zutela. Organo berria Azkuek estreinatuko zukeen, hortaz, omenaldi bat egitearen alde agertu ziren guztiak: Aitor Olea, Esther Iñiguez, Ana Belen Garcia, Arkaitz Mendoza, Esteban Landart, Loreto Aramendi eta Xabier Lizaso. Elkarlanean aritu dira organojoleak, Orioko Udala, Orioko Parrokia eta organoa egin duen enpresa.

Kontzertu polita izango da, azaldu du Lizasok. Azkuek asko eman zigun guri, asko irakatsi zigun. Isila zen, pertsona mundiala, gizon harrigarria. Nahi izan gabe jende asko gerturatu zuen organoaren mundura, zaletu asko sortu zituen. Gogoz eta mimoz prestatu dugu

Organo-jotzaile bakoitzak obra bana prestatu du, hortaz, zazpi abestirekin osatuko da kontzertua. Abestiei diziplina ezberdinetako materiala gehitu behar zaio, ikus entzunezkoak esaterako. Horrela, emanaldi arina eta interesgarria osatu nahi izan dute. Hilaren 27an izango da, Orioko elizan, iluntzeko zortzietan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!