Thierry Biscary: "Publikoarengandik hurbil gaude eta bat-batean sortzen den emozio hori iraunkorra da"

Karkara 2014ko eka. 12a, 13:48
Thierry –ezkerretik hasita lehena–, Jamixel eta Xan
Kalakariak ziren eta kalakariak dira, beraz, beti dauzkate mila gauza esateko. Kontu kantari izango dira, bihar, Orioko kanpinean Thierry Biscary "Ttirritt", Jamixel Bereau eta Xan Errotabehere

Noiztik ezagutzen duzue elkar? Zenbat urte Kalakanen?

Kalakan 2010ean hasi zen eta gu hirurok 2011 geroztik gaude taldean, elkarrekin. Orain bigarren diska ari gara grabatzen eta irailean ikusiko du argia. Bestalde, Zumarragako eliza nagusian gaualdi berezi bat eskainiko dugu gure lagunekin batera, hori prestatzen ari gara orain.

Euskara hautu natural bat izan dela diozue. Zer nolako erantzuna jasotzen duzue alde horretatik hemen eta hemendik kanpo?

Harrera oso ona daukagu, oro har. Euskara ez da arazoa; euskalduna izatea problema soilik Espainian eta Frantzian da. Nahi baduzu zure burua ezagutarazi zaila da, euskaldunen errealitatea inguru horretan hori da. Hemendik kanpo, ordea, ez dago arazorik. Askok ingeleseko kantuak entzuten dituzte apenas ulertu gabe, hortaz, musika gustuko baduzu, hizkuntza ez da arazoa.

Euskalkiekin nola moldatzen zarete?

Gure taldean Nafarroa Beherako bi kide eta lapurtar bat gara. Saiatzen gara hegoaldeko euskara eta gure eskualdekoa, zuberotarra, abesten. 

Batean ala bestean izan, zenbat tresna jotzen dituzue denera?

Bakoitzak danbor bat eta pandero bat jotzen du. Gero, bi txalaparta eta beste hainbat instrumentu txiki ere jotzen ditugu. Xanek, esaterako, badu gaitasuna haizezko instrumentuak jotzeko; txirula eta alboka, kasu. Baina azken hauek ez daude oinarriak, ez dute presentzia asko.

Nola izaten da zuenean abestia klaeratu aurreko prozesua? Musika lehendabizi, abestiak ezkondu gero... nola?

Kanta zaharrak hautatzen ditugu maiz, gure ustetan baliozkoak direnak. Mezuan eta doinuan gaurkotasuna dutenak aurkeratzen ditugu, horiekin egiten dugu lan. Bertsioak egiten ditugu gehienik; batzuetan sorkuntza propioak ere egiten ditugu, azken hilabetean bakoitzak basaide bat egin du, adibidez. Basaidea zuberoako manera da, hango artzaiek baliatzen zutena. 

Abestiei erreparauta ere, denetik jo duzue: tartean baita jota eta boleroak ere. Non duzue muga?

Musikan ez dago mugarik. Muga naturala daukagu, gure musika tresnena. Ez dugu gitarra, ez pianorik jo nahi; gure ahotsak dira melodia egiten dutenak. Gero, perkusio aldetik ere ez dugu gehio gehitzen danborra, txalaparta eta panderoaz gain.

Hiru gera eta ezin dugu dena egin, horaz, behartuta gaude teknikoki. Horrek behartzen gaitu moldaketa berezi batzuk egitera, aniztasunez konposatzea eta hurbiltasuna izatea jendearekiko.

Eta nola aukeratzen dituzue piezak?

Boleroena, adibidez, taldea osatu baino lehen ere martxan zegoen proiektua da. Kolaborazio batetik etorri da, hortaz, Kalakan. Egun kolaborazio gehio ditugu, Madonnarena kasu, eta etorkizunera begira ere baditugu kolaborazioak. Beste bide batzuk irikitzen dizkigute kolaborioek, eta esperientzia berriak beti dira erakargarriak eta aberasgarriak. Hori bai, beti ahalegintzen gara gu izaten, Rabelen boleroa jotzen dugula ere. Gure nortasuna daukagu.

Madonnak inflexio puntu bat jarri du zuen taldearentzat, kanpora begirako lanean behinik behin. Zer hausnarketa egin duzue horren inguruan?

Hegoaldeko ateak berak ireki dizkigu. Duela hiru urte Zamudion jo genuen 30 pertsonen aurrean, aurten, 700 ikusle genituen. Hori, Madonnaren eragina da. 

Guretzat esperientzia oparia izan zen industriak proposatzen zuena zer zen ikustea. Denborak esan digu hori ez dela gure bidea; behin ezagututa mundu hori jakin dugu ez dela hartu nahi genuen bidea. Gu artisauak gara eta hortan jarraitu nahi dugu. Guk maite duguna antzoki txikietan jotzea da.

Zergatik nahiago dituzue plaza txikiak?

Helburu ezberdina dute bi plazek. Handien helburua bertaratutakoak dibertzitzea da. Su artifizialen antzerakoa da eskaintzen duzun ikusikizuna: orokorra, potentea eta epe laburrekoa. Ikuslea errealitatetik kanpo ateratzen duzu, egunerokotasunetik kanpo; liluratu egin behar duzu ikuslea. Familia giroko kontzertuak, aldiz, iraunkorragoak dira. Publikoarengandik hurbil gaude eta bat-batean sortzen den emozio hori iraunkorra da. Emanaldia beste modu batean bizitzen du ikusleak, parte hartzen du, sustatu, kantatu...

Bi sistemak, gurea eta industriarena, dira baliagarriak baina ezberdin funtzionatzen dute. 

Euskal tradizioa astindu duzue. Euskaldunen bihotza berotzea –hunkitzea– ere lortu duzue. Euskaldunen eztarria berotzera iritsiko al zarete?

Kantuak ez dira gureak, kantuak mendez mende etorri dira guana eta guri axola zaiguna gaurkotasuna ematea da, gazteei intresa pizteko. Gure xedea hori da, transmisioa egitea, generazio berriei pasatzea. 

Daukaguna baloratu behar dugu, altxor izugarria baitagu gure eskuetan. Tradizio eta kultura aberatsa dauzkagu, eta hori aintzat hartu behar da. Kanpotik etorritakoa ere ona da,baina beti gurera ekartzen.

Transmisioa bermatzeko zer egin? Alegia, gaur kantatuko duenak bihar ere kanta dezan, zer eskaintzen du Kalakanek?

Guk eskaintzen dugun bakarra gure musika da. Transmisioa, ordea, ez dago gure esku. Ez dugu soberan maite musika eta kantugintza espezialisten gauza izan dadin. Kantua gurea da, euskal herritarrona, eta txoko batzuetan ez bada kantatzen, euskaldunen errua da. Behar dugu kantatu eta behar dugu kantuari eman bere funtzioa. Kantagintzak indar handia dauka, beraz, ez dugu baztertu behar.

 

Formazioari garrantzia ematen diozue. Autoikaskuntzan janzten ari zarete. Zer erronka dituzue epe motzera begira?

Gero eta gehiago ikastea gure kultura, kantuen gaia jorratzen, baita teknikoki ere. Hori da gure erronka. Txalaparta garatzen ari gara kantuak hobeto lantzeko eta gure belarriak zorrozten gabiltza, izan ere, hiru gara eta bakoitzak ahots ezberdin bat dauka.

Bihar Orion izango zarete, eszenatoki familiar batean.

Gogotsu gaude. Eguraldia lagun izatea espero dugu, euria ez egitea eta ahal bada haizerik ere ez egotea. Horrela bada, itzela izango da. Gozoa izango da elkarrekin horrelako gaualdia pasatzea. 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!