Euskaldunago egin gaituen kantariari urrezko domina

Karkara 2014ko eka. 13a, 13:30
Dantzariak, Txalapartariak, margolaria eta jendez gainezka zegoen plaza. Atzo arratsaldeko ekitaldiari magia eman zioten osagaiak, besteak beste. Gipuzkoa plazan Gipuzkoako Urrezko Dominaren ekitaldian hasi zen 18:00etan, eta Benito Lertxundiri eman zioten domina euskal kulturari eta euskal kantagintzari egindako ekarpena aitortuz.

Txaloak eta malkoak. Pozaren pozez, emozioz beteriko malkoak. Benitok txaloak eskaintzen zizkietenei, Euskaldun guztiei eskaini zien saria. Puska handi batean zuena da, eta zuengatik nago hemen, aitortu zuen. Bertan ziren Benitok aipatutako asko eta asko, bere ibilbidean bidelagun izan zituenak. Haiek ere zutitu eta txaloka hasi ziren, euskaldun guztiei eman diena eskertu nahian.

Martin Garitano ere hunkituta zegoen. Benitok gitarra eta ahotsa lan tresna izan dituela aipatu du: lan tresna Euskal Herria aitortzeko, euskara zabaltzeko eta gure herria eraikitze lanetan ekarpen zoragarri gisa. Ondoren, gogora ekarri ditu Benitor erakutsitako guztiak: Benitori esker askok Baldorba ezagutu dugu, askok Xuberoako baso eta zelaiak usaindu eta sentitu ditugu, Benitori esker ere Bizkaia maite dugu, Orioko arraunlarien izenak ere buruz ikasi ditugu, Erriberako koloreak begien parean jarri dizkigu eta itsasoari begira lilulaturik egon gara.

Eta gadera batekin jarraitu zuen: Nork ez du sentitu norberaren herriko neskatxa edo mutil batean alboan, eskuak loturik egotean? Nork ez du abestu egunen batean, agian, euskaldun guztiak jaiki egingo garela tirano arrotzen aurka? 

Publikoak barreekin eta buruarekin egindako baieztapen keinuekin erantzun zuen ahaldun nagusiak galdetutakoa. Elkarri lotuta zeuden eskuak, begirada dirdiratsuak, hasperen sakonak. Guztiek, aho batez, berretsi zuten Garitanoren esana, hau da, Benito Orioko bardoa izan ordez Gipuzkoako edo Euskal Herriko bardoa dela. Azpimarratu nahi izan zuen berarentzat ohorea izan zela diputatu nagusi xume bat izanik horren gizon handiari saria ematea. Eta amaitzeko, eskerrak eman zizkion euskaldunago egin gaituelako.

Benitok, ordea, beste inork baina merito gehiago ez duela egin azaldu zuen. Aipatu zuen egiten duen hori ez dela kasualitatea, hau da, kausalitatez dagoela kantugintzan. 

Ezpata dantzarekin hasi zen ekitaldia txalo zaparradarekin amaitu zen. Aitortu zitzaion Benitori musikari eskaini dizkion bost hamarkada baina gehiago, baina saritu bakarra ez zen oriotarra izan. Beroa Gipuzkoako Harrera Familien Elkarteari eta Ordena Publikoaren Auzitegiaren bortizkeria eta errepresioa jasan zuten emakumeei plaka bana eman zieten. 

Beroa, bigarren aukera

Arrazoi ezberdinengatik beren familia biologikoekin bizi ezin duten haurrentzat eta gazteentzat bideraturiko babes baliabide bat da harrera familia. Harrera ez da adopzio bat ezta hori lortzera bideratu dezakeen pauso bat ere. Haurrei ematen dieten berotasunagatik, babesagatik eta maitasunagatik plaketako bat Beroa Elkarteari eman zitzaion.

Aspaldiko gertakariak egun omentzen

Beste plaka Frankismo garaiko Ordena Publikoaren Auzitegiaren bortizkeria eta errepresioa jasan zuten emakumeei eman zieten. Saria jasotzea gazi-gozoa dela aipatu zuten, oroitzapenak txarrak dituztelako baina errekonozimendua emateak zoriontsu egiten dietelako. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!