Garmendiazpi elkartea sortu da Anibarko Portuko beharrei erantzuteko

Karkara 2014ko eka. 18a, 17:25
Anibarko Portuko arazoak eta premiak asetzeko helburuarekin sortu dute auzo elkartea, baita jaiak eta ekitaldiak antolatzeko ere. Ostiral honetan egoitza aurkeztu dute eta larunbatean auzoko festak hasiko dira

Garmendigañaren magalean, azpian, Anibarko Portua dago. Bertan, Garmendiazpi izenarekin batailatu dute gaur auzoa elkartea. Auzoko premiei eta beharrei erantzutea du helburu, baita auzo dinamika izatea ere. Xedea lortzeko 30 lagun bildu dira, baina auzotar guztiei irekita dago; bizilagun guztiei zabalik.

Aparkalekuak, jolaslekuak, errepidea... Anibarko Portuak baditu arazoak eta beharrak. Horiek konpontzera joatean noren izenean edo nondik zetozen galdetzen zieten. Azotarrak zirela erantzuten zuten, besterik gabe. Elkarte bat sortzeko beharra ikusi zuten, izen batean atzean biltzekoa.

Ordutik konpondu dituzte hainbat arazo. Batetik, errepideko autobus geltokia egokitu dute; eta bestetik, bidegorria egin dute. Bizikletaz 200 bidaia egiten dituzte egunean auzotarrek: Ikastetxeetarako joan etorriak, Orio erdigunera gerturatzen den jendea... Autobus geltokitik igarotzen den errepidearen gehienezko abiadura gutxitu egin da eta argia jarri da markesinan.

Irekiera ekitaldia, ostiralean

Bizilagun guztiek jakin dezaten Garmendiazpikoen asmoa zein den, zertan dabiltzan, Elkartea ostiral honetan aurkeztuko dute, jendaurrean, arratsaldeko 19:00etan. Lokala ikusteaz gain beraien asmoak elkarbanatuko dituzte.

Egoitza Udalak utzi die. Auzoan bertan lokalak dituenez, horietako bat beraien erabilerarako utzi diete. Hori dela eta eskerrak eman nahi diete Udalari, baita orain arteko arazoei irtenbidea elkarlanean bilatzeagatik ere.

Festak, larunbatean

Behin elkartea aurkeztuta, festei emango diete lekukoa Anibarko Portukoek. Larunbatean, goizeko 10:00etan, txupinazioa botatzearekin batera hasiko dira festak. Ondoren txikitixarekin girotutako diana izango dute.

11:00etan puzgailuak, apar festa eta aurpegi margoketa txikienentzat. Jubilatuentzat hamaiketakoa egongo da ordu erdi beranduago, 11:30ean, Kaiua tabernan. 12:00etan sardina jana eta sagardoa txotxean. 12:30ean tortila patata lehiaketa eta dastaketa. Goiz guztian zehar izango dute tripa betetzeko aitzakia.

15:30ean mus txapelketa jokatuko dute helduek. Haurrek ere jolasteko aukera izango dute hainbat jokuren bitartez. Jolastu ondoren txokolatea izango dute meriendatzeko.

21:30ean berriz ere tripa beteko dute auzokoen afarian. Abesti batzuk prestatu dituzte eta afarian banatuko dituzte kantu horien letrak, guztiok batera, kantatzeko. Afalostean 23:00ak aldera, Xabi Arostegi DJ izango da.

Duela zortzi urte hasi ziren Anibarko Portuko festan antolatzen. Auzo txikia da eta urteko antzeko egitaraua mantendu da. Trikitixarekin hasi eta jai giroan amaitzen dituzte beraien festak Anibarkoek. Dena den auzokoez gain herritarrak ere gerturatzea nahi dute, guztion festa izatea eta jendez gainezko egotea.

Festak aurrera eraman ahal izateko Udalaren laguntza jaso dute, 2400 eurokoa. Bestalde boletoak eta painueloak ere egin dituzte.

500 lagun inguru bizi diren auzo honek aldaketa handia eman du. Duela 15 urte inguruko Anibarko Portua eta egungoa oso ezberdinak dira. Egun dituzten arazoei aurre egiteko helburuarekin eta etorkizunera begira ekintzak antolatzeko asmoarekin sortu dute Garmendiazpi auzo elkartea. Poliki-poliki gauzak aldatzen eta helburuak lortzen ari diren arren, oraindik bide luzea dute egiteke.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!