Asteburu bete-betea Orioko Arraun Elkartearentzat

Karkara 2014ko eka. 23a, 16:30
Argazkia: Orio Arraun Elkartea
Orio A-k bandera ekarri zuen Pasai Donibanetik, eta zortzikoak zilarrezko domina Espainiako Txapelketan

Larunbat eguerdian, aurtengo talde eta asmoak aurkeztu zituen OAEk herriko plazan. Asier Colinak, Klaudio Etxeberriak eta Ibon Huegunek hartu zuten hitza. Bakoitzak bere taldearekin, eta elkarteak orokorrean, zituen asmoak adierazi zituzten.

Azpimarratzekoa da, Jose Luis Agirrek klubean egindako lana eskertu nahi izan zutela zuzendaritzakoek. Iaz arte, urte askoan ibili baitzen arraunlari ez ezik, entrenatzaile lanetan ere, nola gazteekin hala helduekin.

Larunbat arratsaldean, Orio A-k bandera ekarri zuen Pasai Donibanetik. Ongietorria ere egin zen plazan iluntzean, eta bastante jende bildu zen. Igande eguerdian, aldiz, Orio B-k zuen estropada, Zumaian 11. geratu ziren B-ko mutilak.

Espainiako txapelketa

Igandean, goiz partean, Bayonelesko arraun olinpikoko eremuan, Espainikako aulki mugikorreko txapelketa jokatu zen. Gizonezkoen zortzikoan bigarren geratu ziren oriotarrak, Sevillako Labradores taldearengandik 81 ehunenekora. Lehia bizia izan zuten Sevillako Labradores eta Nautico taldeekin, eta azken txanpan galdu zuten aurreneko postua.

Jubenil mutilen zortzikoak laugarren postua lortu zuen, eta Jabier Puertasek, beteranotan, zilarrezko domina.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!