Arraunaren etxea baino gehiago

Karkara 2014ko uzt. 10a, 15:12

Arraunetxea herritarrei eta bisitariei zabaldu nahi die Udalak. Horretarako Begi Bistan enpresak aisialdirako hamaika proposamen landu ditu eta martxan dira gaurtik aurrera

Arraunaren etxea izatez gain, aisialdia praktikatzeko gune ederra da Arraunetxea. Udalak erabilera hori emateko premia ikusi zuen, eta aisialdi eskaintza kudeatuko zukeen enpresentzat lehiaketa zabaldu zuen. Begi Bistanek helburu hori beteko duen proiektua aurkeztu zuen, eta berei esleitu zitzaien Arraunetxe herritarrei irekitzearen ardura.

Begi Bistan 2003tik dago martxan, horrelako ekimenei lotua, tartean flysharen ibilbidea. Lanerako ilusioak eta proiektuak gauzatzeko beharrak gidatzen du enpresa, eta horregatik lurreratu dute Orioko arraun Etxean. Behar baten erantzule dira eta eskariaren araberako eskaintza prestatu dute.

Batetik, baldak alokatu ahalko dira. Bakoitzak bere materiala bertan gorde ahal izango du eta instalakuntzak erabili ahal izango ditu urte osoan zehar. Bestetik, materiala alokatzeko aukera egongo da: kayakak, traineruak, trainerilak sup stand-up-ak eta raftinak. Urpeko kirolak taldean nahiz banaka egitea ahalbideratzen du material aniztasunak.

Bisita programatuak egiteko aukera ere egongo da. Behin ibaian ibili ondoren mendi bueltak, ibilaldiak, dastaketak eta antzerakoak egitea da Begi Bistan enpresaren asmoa. Ur ekintzak egin ondoren Orion geratzea da beraien helburua.

Horrez gain, Amaia Cadarso kirol egokitu, aisialdi eta turismo irisgarri teknikariarekin elkarlanean ezintasunak dituzten pertsonentzat ikastaro eta saioak antolatuko dituzte, urpeko aisialdia denok praktikatu ahal izateko. Piraguismo egokitua egingo dute, besteak beste, eta oraingoz esperientzia itzela izaten ari dela azpimarra du Cadarsok. Ikusmen arazoak dituen pertsona bat hasi da eta izugarrizko aurrerapenak eman ditu. Psikomotrizidade arazoak dituen haur bat ere dabil eta gustura dago oso, gaineratu du.

Euskadi eta arrauna, arrauna eta sagardoa

Euskal Herriko kirolen artean ezagunenetarikoa da arrauna. Eta arraunarekin erlazionatzen duen lehen herria da Orio. Orio ezaguna da arraunarengatik, baita arrantzagatik ere. Garai batean bale-arrantzan aritzen ziren Orioko arrantzaleak, eta kanpora joaten zirenean ez zitzaien sagardoa falta. Bidai luzeetan ez zitzaien sagardorik falta.

Hau ere ez dute ahanzturan utzi nahi izan eta Basquetourrek lagunduta aurrera eraman dute arrauna eta sagardoa lotzen dituen proiektua. Arraunaren historian bidaiatuko da; arrantza ofizio zenetik lehia bilakatzen den arte. Ondoren, traineruan sartu eta arraunean egingo da. Azkenik, Satxota sagardotegira bisita egiten amaituko da esperientzia.

Arrauna eta sagardoa batzen dituen bizipen honek hiru orduko iraupena dauka. Esperientzia bizi ahal izateko 6 pertsonako taldea osatu behar da. Erreserbak egiteko Begi Bistan enpresarekin –943 86 22 41– edo Satxota sagardotegiarekin –943 83 57 28– jarri behar da kontaktuan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!