Ateak ireki ditu Albaola itsas kultur faktoriak

Karkara 2014ko uzt. 22a, 08:43

San Juan baleontziaren erreplika ari dira egiten Albaolan, Pasaiako Ondartxo eraikinean. Arotzetako bat oriotarra da, Esteban Gozategi

1565. urtean Pasaian eraikitako San Juan baleontzia Euskal Herritik Ternuara abiatu zen. Kanadako Ipar Atlentiar kostaldean, Red Bayn arrantzan aritu eta gero, ontzia hondoratu zen. 400 urte beranduago itsas arkeologiarentzat eredugarri izango zen urazpiko indusketa hasi zuten Parcs Kanadako argkeologoek. San Juan baleontzia zen hondoratuta zegoena, eta ikerketaren ostean XVI. mendetik ondoen ezagutzen den itsasontzia da.

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren baitan eta Kanadako Gobernuaren laguntzarekin, berriz ari dira eraikitzen San Juan baleontzia Pasaian. Esteban Gozategi oriotarra dabil eraikitze lanetan, eta uztailaren 17tik aurrera Pasaiako Ondartxo bisitatu daiteke, baleontzia nola eraikitzen ari diren ikusteko. XVI. mendeko teknika eta materialarekin ari dira eraikitzen San Juan, Parcs Kanadak egindako lan zientifiko sakonari esker baleontziaren plano zehatzak eta eraikuntzak teknika zein materialei buruzko informazioa lortu baititute.

Erreplika historikoa

Baleontziaren eraikuntza jatorrizko lehengaiak errespetatuz ari dira burutzen, eta lanketa ere jatorrizkoaren ahalik eta fidelena izaten ahaleginduko dira. Baleontziaren oholak eta egitura egiteko Sakanako haritzak erabili dira. Antzinan Sakanako basoetako haritzetatik lortzen zituzten zurezko piezak, izan ere, haritz basoak landatu eta zaintzen zituzte, haritz tantai zuzenak eta forma kurbokoak lortzeko. Forma horietako haritzen bila aritu dira, kroskoaren oholak eta ipinabarrak egiteko.

Iratiko mastetan ere izan dira. Bertan, gila egiteko pagoa eta mastak eta bergak egiteko izeiak lortu dituzte. Kalamuzko sokak eta oihalak ere egin dituzte. Ebro arroa urtetan zehar kalamu ekoizle garrantzitsua izan da, eta Albaolan ere material honetakoak ekoiztu dituzte.

Itsasontzien kroskoa babesteko fitxa erabiltzen zen. Pinutik ateratzen zen eta animali gantzarekin nahasten zen. Quintanar de la Sierrako Cabaña Real de Carreteros elkarteak pinuaren erretxina errez lortzen den fitxa lortzeko modua bizirik mantentzen du, eta bertan egingo dute ontziola babestuko duen fitxa. Quintanar de la Sierratik Pasaiaraino ekarriko dute fitxa, idien karabana batean, XVI. mendean egin ohi zen bezala.

Urazpiko ikur

UNESCOren urazpiko ondare kulturala irudikatzen duen ikurra bihurtu da San Juan Baleontzia. Horrez gain, 1985eko uztaileko National Geographic aldizkariaren azala ere izan zen San Juan. Azalean urpekari bat agertzen da baleontziaren pieza bat eskuetan duela; eta barruan,  31 orrialde eta 30 argazkiko erreportajea dator.

San Juan baleontzia mugarri izan da euskal itsas kulturan. Horregatik, Albaolan garrantzia handia eman zaio ontzigintza tradizionala mantentzeari, biziberritzeari eta zabaltzeari. Ogibide hau gal ez dadin egiten dute lan, azken ontzigileek belaunaldiz belaunaldi pilatutako jakituria bilduz, hautsez betetako ganbaretatik plano zaharrak berreskuratuz, eta bestela desgertuko zen ogibidea bizirik mantenduz.

Lan horretan dabil Estaban Gozategi oriotarra. Besteak beste, berak egin du San Juan baleontziaren kila, antzinako teknikarekin eta XVI. mendeko materialarekin. Ontziolaren eraikitze-lanak ikusi daitezke uztailaren 17a geroztik, baita San Juan baleontziaren inguruko informazioa sakon eta zabal lantzen duen museoa ere.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!