San Pedro Party, errepikatzeko moduko festa

Karkara 2014ko uzt. 24a, 08:33

Guraso batzuen proposamena izan zen San Pedro Party antolatzea. Gurasoak, Orain taldeak eta gazteak elkartu, eta festa aurrera eraman zuten. Festaren balorazioa positiboa izan da eta errepikatzeko gogoz daude

Gurasoek sanpedroei begira proposamen bat jarri zuten mahai gainean: San Pedro Party. 12-16 urte bitarteko haurrentzat disko festa. 

Ideia polita iruditu zitzaien festa batzordeko kide guztiei, baina inork ez zuen aurrera eramateko ardura hartu nahi. Proposamena mahai gainean geratu zen, kili-kolo. San Pedro Jaien atzerako kontaketan, berriz ere heldu zioten gaiari. Pena ematen zien horrelako ekimena albo batera uztea eta ez egikaritzea, hortaz, Orain taldeak eta hainbat gurasok festa antolatzeko ardura hartu zuten. Festa batzorde buruaren babesa ere zuten.

Gazteek zirenez parte hartzaileak, gazteek izan behar zuten protagonista: bai festan, bai antolakuntzan. Berekin, nerabeekin, bildu ziren. Ideia ona iruditu zitzaienez,  buru belarri ekin zioten proiektua aurrera ateratzen. Antolakuntzara batu ziren gazteak eta bien arteko lanaren fruitu izan zen festa.

Data erabaki zuten: sanpedroetan, ekainaren 30ean. Eta asko eta asko izan ziren bertaratzea erabaki zutenak. Olatun sarrera ugari saldu ziren, 205 hain zuzen. Euro baten truke tiketa eta kontsumizio bat doan hartzeko aukera zuten nerabeek.  

Musika pintxatzen bi oriotar egon ziren DJ Race –Ander Karrera– eta DJ Chaals –Carlos Rodriguez–. 21:30etan hasi zen musika, eta 00:00etan HH5 eta HH6ko ikasleek festa amaitutzat eman zuten. DBHko gazteak goizeko ordubiak arte geratu ziren.
 
Musika eta dantzaz gain, sariak ere ez ziren falta izan. Dantza ondoen egiten zuenari, gehien ligatzen zuenari eta erritmo hoberena zuenari, besteak beste. 
 
Gazteak oso gustura egon ziren festan eta balorazio oso ona egin dute. Antolatzaileak ere pozik daude eta San Nikolas Jaietan errepikatzeko prest daude. Bigarrenez egitearen alde eta hobetzearen alde agertu dira. Bestetik, eskerrak eman nahi izan dizkiete Olaturi, Kirkil enpresari, Eneko Galarragari, bizilagunei, DJei eta antolakuntzan parte hartu duten guztiei.
 

San Pedro Party festaren zuriketa

Gastuak                1124,36
Ekipoa                    822,8
Edariak + izotza      274,56
Opariak                      27
 
 
Diru sarrerak             225
Sarrerak Olatun         160
Sarrerak bertan           45
Edariak bertan            20
 
Kostu erreala      899,36
 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!