Plaza autoentzat ixten denean semaforoa martxan jarriko da

Karkara 2014ko uzt. 24a, 17:14
Argazkia: Urola Kostako Hitza

Semaforoa jarriko dute Goiko Kalean eta plaza autoen trafikorako ixten den guztietan jarriko da martxan. Neurria errespetatzen ez dutenek 80 euroko isuna jasoko dute, eta abuztuaren hasierarako egongo da prest

2012an hasi zen guztia, herriko plaza asteburuetan oinezkoentzat uzteko erabakaia hartu zenean. Goiko Kaleko autoen ibilia hazi egin zen, eta horrek problemak ekarri ditu. Autoen abiadura handiegia da, zarata ere handia da, zorua kaltetu egiten da eta bizilagunen segurtasuna ez da bermatzen.

Plaza ixten zen egunetan Txankako bidea erabili behar zuten autoa gidariek. Hasieran ohitura hori hartu zuten herritarrek; baina denborarekin, berriz ere Goiko kaleko trafikoa handituz joan da. Hartutako neurriak ez ditu errespetatzen jendeak, eta ondorioz, arriskutsua bilakatu da bizilagunentzat. 

Udalak segurtasun neurriak hartzeko beharra ikusi zuen, eta espaloia kendu zenez, lehentasuna oinezkoei ematea derrigorrezkoa dela irizten dio. Nola egin aurre arazoari? Semaforo bat jarri dute Iturbide kalean, hala erabaki zen ekainaren 5ean Obra eta Zerbitzuetako batzordeak egin zuen bileran, eta EAJren eta Bilduren baietza izan du neurriak.

Semaforoa gorrian pasatzen duenari 80 euroko multa

Hiru kolore izango ditu semaforoak, ohi bezala. Oan, Urdairen, Kale Nagusian, Iturbide 1 eta Antxiola 19 bitartean bizi direnei semaforoa berdean jarriko zaie, pasa ahal izango dute. Baita Iturbide 7 eta Iturbide 13 etxepeetako eta Goiko Kaleko haur-parkearen azpiko garajeen erabiltzaileei ere. Goiko Kaleko pertsonen zaintzan aritzen direnei ere pasatzen utziko zaie. Gainontzekok semaforoa gorrian izango dute.

Matrikulak irakurriko ditu semaforoak, eta horrela jakingo du nork pasa dezaken eta nork ez. Horretarako, arestian aipatutako baldintzak betetzen dituztenek udaltzaingotik pasa behar dute, martikulak ondo jasota daudela ziurtatzeko edo matrikularen erregistroa egiteko.

Semaforoak agintzen duena errespetatzen ez dutenei 80 euroko isuna ipiniko zaie, larrialdi kasuetan salbu. Goiko Kalera lehenbailehen iritsi behar badute ez dute multarik jasoko, udaltzainei azalpena eman eta onartuko da semaforoa pasa izana. 

Plaza itxi zenean bezala, orain ere herritik ateratzeko Txanka-Hondartza bidea erabili beharko da. Honek ez du esanahi Goiko Kalera joan ezin denik, horretarako San Martin bidea erabiliko da eta. Neurri hau plaza autoen trafikoaro ixten denean hartuko da soilik.

Abuztuaren hasieran martxan

Aste honetan hasi dituzte semaforoa instalatzeko lanak. Semaforoa abuztuaren hasieran egongo da prest. Hortaz, ordutik aurrera plaza ixten den guztietan semaforoak agindutakoa bete beharko da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!