Arrauna

Errezibimendu gozoa eta beroa

Errezibimendu mundiala antolatu zuten munduko txapeldunak lortutakoagatik zoriontzeko

Arraunekin arkua egin zuten, aldaparen amaieratik udaletxeraino. Txalo zaparra artean eta zorion ohiuen konpainian zeharkatu zuten arkua Imanol Garmendia eta Ander Zabalak. Pozarren, ilusioz gainezka zeuden arraunlariak herritarren ongietorri beroarekin. 

Munduko txapeldunak dira, eta Italian eskuratutako urrezko domina lepotik zintzilik zutela iritsi ziren oriora. Errezibimendua egin zion herriak, egindako lana aitortu, goraipatu eta ospatzeko. Arraunzaleez gain Udal Agintariak eta Arraunketa Elkarteko kideak ere zeuden ongietorrian. 

Agurra dantzatu ostean, txapela bana banatu zieten. Oriotarrek lortutakoagatik zoriondu zituen arraunlariak. Horiz jantzi eta plaza hartu zuten Orio Arraun Elkarteko bi arraunlariei errezibimendua egiteko, arraunlariek ahaztuko ez dutena. Omenduek eskerra eman zizkieten bertaratuko guztiei, oso eskertuta daude jaso duten berotasunagatik. Txaloen ostean txarangak jarri zuen plaza dantzan. 

Orioko txapeldunak

Mundu txapeldunak izan ziren 1979an Dionisio Redondo, Javier Puertas, Andoni Elizalde eta Pello Olasagasti. 1990ean ziarrezko domina eskuratu zuen Ibon Urbietak; eta aurten, 2014an, Imanol Garmendia eta Ander Zabala izan dira munduko txapeldunak.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!