Gorka Etxeberria: "Pauso historiko bat izango litzake Getariarentzat TKEn egotea"

Karkara 2014ko ira. 1a, 11:58

Bigarren urtea du oriotarrak Getariako traineruaren gidaritzan. Denbora gutxian espero ez ziren emaitzak lortu dituzte: 2011n KAE2 ligan zegoen Getaria eta aurten TKEra sartzeko borrokatuko dute. Emaitza positiboak ondo egindako lanaren islada direla dio Etxeberriak.

Zorionak KAE1 ligagatik. Azken momentura arte ez zen erabaki irabazlea.

Denboraldi guztia egon da nahiko berdindua. Zumaia eta gu hasi ginen pareko, eta lekeitiarra ere hor ibili da konektatua. Azken momentura arte lehian ibili gara hiru traineruak. Zorionez, guk azken estropada aprobetxatu ahal izan genuen eta guztia primeran atera zaigu: estropada irabazi, liga irabazi... horrek aurrera jarraitzeko gogoa ematen digu.

Playoff-a jokatzea da hurrengoa.

Bagenekien lehena egiten zuena indartua aterako zela zentzu horretan. Baina, nahiz eta irabazi, lan handia dago. Denbora tarte luzea dago liga amaieratik playoff-era arte, eta errazegia da deskonektatzea. Egun asko daude eta estropada gutxi.

Eta nola ikusten duzu estropada hura?

Lehenbizi zenbat toki egongo diren ikusi behar da. TKEn Kantabriako traineru batek egon behar du beti. Astillerok 11. egiten badu, Pedreña azkena doanez, ez da mailaz jaitsiko. Lau trainerurentzako postu bakarra geratuko litzake hori horrela balitz.

Bi galiziarrek jokatuko dute playoff-a zumaiarrekin eta zuekin batera. Zumaiarekin denboraldi osoan jokatu duzue eta ezagutzen duzue. Nola ikusten dituzu galiziarrak?

Ez daukagu ia informaziorik, ez baitugu beraien aurka jokatu. Kontxako sailkapen estropadan izango dugu hori ikusteko aukera. Nahiz eta estropada desberdina izan, beraiekin lehiatu ahal izango dugu eta beren maila ikusteko aukera izango dugu.

2011. urtean KAE2 ligan zegoen Getaria. Eta aurten TKE ligara sartzeko lehiatuko duzue. Gorakada handi izan da ezta?

Bai, gorakada itzela egin dugu. Ez genuen espero horrelako emaitzarik, liga hasi genuenean gauzak ondo egitera irten ginen. Aurreko urtean laugarren egin genuen eta aurten ere hor inguruan ibiltzea zen gure hasierako helburua. Hori baino gehiago lortu dugu azkenean eta oso pozik gaude.

Gainera, inoiz ez gara TKEn egon eta klubak ilusio handia du. Pauso historiko bat izango litzake Getariarentzat. Azken bandera hauekin, gainera, herria oso pozik dago.

Bigarren urtea duzu Getarian. Nola moldatzen zara taldearekin?

Ondo, gustora aritzen naiz jende gaztearekin lanean. Gogoarekin daude beraiek ere. Hala ere, Oriotik etorrita, mentalitate aldaketa txiki bat egin behar izan dut. Desberdintasunak daude lan eta inplikazio mailan: klub txikia da eta ez daude ohituta, entrenamenduetan adibidez, tentsio askorekin lan egitera. Agian txip aldaketa hori izan da gogorrena, baina asko ari naiz ikasten.

Eta hemendik aurrera zer?

Aurten zailtasunak izan ditut taldea osatzerako garaian. Herri txikia da Getaria eta ez dago jende asko arraunerako prest. Hori aldatu daitekela uste dut, eta momentu hau horretarako oso ona da. Horrelako klub xume batean ez dago beste sekreturik, lana ondo eginez gero asko nabaritzen da. Aurtengo emaitzak ikusi besterik ez dago. Arraunean, ondo egindako lanaren eragina epe luzera ikusten da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!