Banderaren lehiatik urrun

Karkara 2014ko ira. 8a, 12:15

Itxaropena omen da azkena galdu behar dena. Ez daude, ordea, itxaropentsu Orioko arraunlariak. Bi taldeak laugarren helmugaratu ziren, neskak 16 segundora eta mutilak 19 segundora

Urgull mendiaren magalean dago Donostiako Portua. Parean du Santa Klara Irla, eta honen atzean Igeldo mendia. Igandean guztiak zeuden jendez gainezka, lepo. Elastiko arroxak, gorriak, urdinak, eta nola ez, horiak.

Goizean goizetik jantzi zen Orio horiz. Kafetegietan eguneko lehen hizketaldiak, egunkaria eskuartean dutela, arraunlaz ziotena aztertu eta eztabaidatuz. Eguneko sintonia, Benito Lertxundiren Mirotzak. Erreprodukzio zerrendan behin eta berriz jartzen zutena.

8:15ean Donostiara zihoan trena oriotarrez bete zen, baita 9:15etakoa ere. Donostian sintonia bestelakoa zen, giroa ere ezberdina zen. Orion urduritasuna zen nagusi, Donostian festa –eta urduritasuna ere bai, noski–. Txistuarekin kantuan lagun kuadrila bat, trikitixa eta panderoarekin beste bat, bonboarekin gazte kuadrila bat eta irratiari lotuta asko eta asko.

Ametsa beteta, gozatzera

Lehen aldia zen neskena. Arranplan behera nerbioak pil-pilean, aurpegiak zurrun, elkarri maitasun-keinuak egiten. Hasiera zaila izan zuten, zai denbora luze egon behar izan baitzuten. Berandu, baina hasi zen estropada. Estropada gogorra izan zen eta denborak aurrera egin ahala denbora-tartea handituz joan zen, eta helmugaratzean 16 segundo ateratzen zizkien Batelerak oriotarrei.

Helburua ez zen irabaztea, xedea Kontxan sartzea zen. Hortaz, ez zeuden burumakur. Begiak dir-dir egiten inoiz bizi ez zutena bizi zutenez, begiek dir-dir egiten zieten. Txalo zaparraden artean egin zuten arranplan gora.

Bandera 19 segundo urrunago

Mutilen helburua bestelakoa zen. Banderaren lehiatik kanpo ez geratzea zen xedea. Bandera usaindu zutenak, ordea, bermeotarrak izan ziren. Zaila daukatela, baina itxaropena ez dela galdu behar zioten zaleek; Jon Salsamendi Bermeoko entrenatzaileak Kontxan edozer gerta daitekeela zioen, behin egoera horretan zeudela bandera galdu baitzuten; eta arraunlariek datorren astean dena ematera joango direla esan zuten, txanda irabazteko ahaleginak egingo dituztela, estropadaro bezala. 

Emaitzak ez ziren nahi bezalakoak izan igandean. Zalearen erantzuna, ordea, borobila izan zen. Arraunlariek eskertu zuten oriotarrek emandako babesa eta datorren astean zaleengadik jasotakoa zaleei emateko ahalegina egingo dutela gaineratu zuten.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!