Lau ordezkari Gipuzkoako selekzioan

Karkara 2014ko ira. 22a, 12:56
Argazkiak: Gipuzkoako Saskibaloi Federazioa

Orioko lau ordezkari egongo dira Gipuzkoako saskibaloi selekzioetan: hiru jokalari eta entrenatzaile bat

ZAST saskibaloi taldeko ordezkaritza zabala izango da Gipuzkoako selekzioetan, horietako lau oriotarrak izanik: Jairo Torres, Maria Iparragirre, Elene Elizondo eta Iker Gurrutxaga, hain zuzen.

Infantil mutiletan jokatzeko deitu dute Jairo Torres. Iparragirre eta Elizondo maila bereko nesken kategorian sartu dira. Iker Gurrutxaga oriotarra kadete mailako mutilekin arituko da entrenatzaile lanetan. Neskak asteburu honetan jarri dira martxan, eta gainontzekoak berehala hasiko dira.

Kadete neskek garaipenarekin etxera

Txapelketari hasiera Donostiako Benta Berri kiroldegian eman zioten neskek, Añorgaren aurkako partidarekin. Lehen erdia 17 puntuko aldea ateratzen zien donostiarrei, 10-27 emaitzarekin iritsi baitzen Ainhoa Usandizagak zuzendutako taldea atsedenaldira. Partidaren amaieran aldea handitu zuten Orioko Ikastolako taldekoak, 21-40 irabazi baitzuten.

Talde sendoa da Añorga, iaz kategoria horretan txapeldunorde izan ziren. Asteburu honetan ere arerio sendoa daukate aurretik, Azpeitiako Iragaz ISB. Larunbatean izango da partidua eta etxean jokatuko dute neskek, 11:00etan.  

  

Lehen sentsazioak, onak

Entrenamentuetan txukun aritu ziren hiru oriotarrak. Zerrendak aterako dituzte gaur eta bihar artean, eta horietan ikusiko da ea oriotarrek aurrera jarraitzen duten ala ez.
 
Bestalde, Iker Gurrutxaga entrenatzailea gustura dago. Lehenengo esperientzia oso ona izan da oriotarrarentzat, jokalariek eroso sentiarazi baitzuten eta beste bi entrenatzaileekin berehala konektatu baitzuen.

      

Abonu kanpaina martxan

Bukatzeko, aipatu Gipuzkoa Basketek abonatu kanpaina jarri duela martxan eta abonatu berriek ZASTen izenean doazela esan edota ZASTen bidez egiten badute kontaktua, Orioko saskibaloi taldeei ere lagundu egingo dietela. Izan ere, Gipuzkoa Basketek, abonua kostatzen denaren %10 ZASTi emango dio modu horretara abonatzen direnei esker.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!