Kontsumo arduratsua topaketen ardatz

Karkara 2014ko ira. 24a, 07:16

Kilometroak 2014 Jaiaren egunean droga kontsumoari lotutako arazoak ekiditeko saioak antolatu dituzte iraileko azken asterako

Erria Txikota! aldarria duen Kilometroak 2014 jaia ospatuko da Orion urriaren 5ean. Ahalik eta jai giro sanoena egon dadin beharrezkoa da alkohol eta bestelako sustantzia kontsumoa neurtzea. Horretarako, iraileko azken bi asteetan zehar droga kontsumo arduratsuari buruzko saioak egingo dira Orion. Prebentzioa helburu, hamaika gai eztabaidatu eta hausnartuko dira.

Topaketak nerabe eta gurasoen artean

Heztea prebenitzea da! leloa oinarri hartuta, hiru saio egingo dira seme-alaben droga-kontsumo desegokiei aurre egiteko orduan familiak duen garrantziaz ohartzeko. Nerabezaroa, aisia eta drogen kontsumoa; arauak eta mugak gure seme-alaben aisialdiko heziketan; eta Drogen kontsumoaren inguruan familiaren jarrera. Horiek dira saioetan landuko diren gaiak, zeinak AGIPAD prenbentzio taldeko teknikariek gidatuko dituzten.

Gaztelerazko topaketa: euskarazko saioen laburpena

Nerabe eta gazteen gurasoei bideratutako saioez gain, gaztelerazko topaketa bat ere egingo da. Euskarazko hiru saio hauen laburpena egingo da topaketa horretan.

Kolektiboei bideratutako jardun-bilerak

Kilometroak 2014ko antolakuntzaren baitan, egunean bertan zenbait batzordetan ardura postuetan lanean izango direnei bideratutako saioa egingo da; eta herriko tabernari, ostalari eta dendari guztiei zuzendutako saioa ere egingo da. Esku hartze protokolo egokiak zein diren azalduko da eta legediak dioena errepasatuko da.

Honela, kontsumo arduratsuarekin, primeran pasatzeko aukera izango da pasatu gabe. Hori da herritar guztiek parte hartu dezaketen jardunaldi hauen xedea.

Edari alkoholdunen banaketa arduratsua sustatzeko dekalogoa garatu du Kilometroak 2014 Jaiak. 10 puntutan banatzen da eta konpromisoa agertzen dute plangintza hori Orioko Kilometroak festan inplementatzeko eta ikastoletako beste jaietan hedatzeko:

  • Alkoholik gabeko edarien salmenta sustatuko da
  • Adin txikikoei alkoholdun edaririk ez zaie salduko eta zalantzazko kasuetan ziurtatu egingo da adina
  • Kanpotik ekartzen den alkoholaren kontrola antolatzaileen esku geratuko da
  • Jendaurrean arituko direnek ez dute edari alkoholdunen eta bestelako drogen kontsumoaren propaganda egingo
  • Alkoholdun edaria banatzen den gune guztietan helduak egongo dira eta lanean arituko direnen inplikazioa eta laguntza eskatuko da
  • Alkoholdun edariak hartzearen hautua egiten denarekin graduazio baxuko edarien kontsumoa sustatuko da: ardoa, sagardoa eta garagardoa
  • Intoxikazio zantzuak dituztenei ez zaie alkoholik salduko
  • Intoxikazio zantzuak dituztenek ezingo dute probetan edo jokoetan parte hartu
  • Intoxikazio zantzuak dituztenei berehalako laguntza eskainiko zaie eta adin txikikoen kasuan bere guraso, tutore edo laguntzaileekin harremanetan jarriko da
  • Alkoholaren banaketa arduratsuarekin eta hemen azaltzen diren neurriekin bat egin dezaten eskatu zaie ostalaritza, merkataritza eta gizarte eragileei

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!