Salsamendi beste urtebetez Urdaibaien

Karkara 2014ko ira. 26a, 08:09
Argazkiak: Baleike, Berria eta Deia

Jon Salsamendik Urdaibaien jarraituko dut, Mikel  Orbañanosek Hondarribian eta Rafa Gonzalez de Txabarri

Estropadak lehorretik jarraitzen ditu Salsamendik. Urdaibaiko entrenatzailea izan da bi urtez eta hirugarren denboraldia osatuko du Bermeoko klubeko entrenatzaile karguan.

Kontxako garaipenaren ospakizunak etorkizuneko erabaki asko zehazteko aukera ematen duela aitortu du oriotarrak. Une horretan arraunlari askok eskatu zioten beste urtebetez jarraitzeko. Eta horrela egin du, datorren denboraldian Bou Bizkaia ontziaren kargu izango da.

40.000 kilometro egin ditu aurten Bermeorako joan-etorrietan. Gogorra izan da, baita zaila ere. Arrauneko faltsukeriak loa kendu diola aitortu du. Guzti horri argia uretan egindako lanak eman diola gaineratu du, eta horregatik jarraitzen du klubean, kirol proiektuak indarra duelako eta oraingo bidetik jarraitzea ahalbidetzen diolako.

          

Zortzi urte geroago, Hondarribiarentzat izan da San Miguel Liga. Mikel Orbañanosen mutilek irabazi dute liga, denboraldi paregabe eta erregular baten ondorioz. Datorren denboraldian ere han jarraituko du oriotarrak, kontratua ordura arte baitauka.

Pasa den urtean, dozena bat urte zeramatzala Hondarribiako entrenatzaile, lau urterako sinatu zuen kontratua.

           

Rafa Gonzalez de Txabarri zumaiara joan da, mutilen bigarren taldea entrenatzera. Jada hasi da gazteekin lanean, arraunean probatu nahi dutenei aukera ematen. Herriko eta eskualdeko gazteekin lan egitea garrantzitsua iruditzen zaio oriotarrari, horregatik, Zumaiako bigarren trainerua inguruko mutil gazteek osatzea funtsezkoa dela uste du. Gogotsu hasi da Gonzalez de Txabarri Telmo Deunaren bigarren ontzia entrenatzen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!