Erria txikota!

Hastapenei keinu egin eta sortzaileei eskertu

Karkara 2014ko ira. 26a, 13:29

Aurkeztu dute Kilometroak 2014 Erria Txikota! eguna: zinta mozketa, eskaintza kultural herrikoi eta anitza, ibilbide lagunkoia, Erronka, omenaldia...

Pasa den urteko lehen igandean testigua jaso zutenetik ia urte bete igaro da; iristear da txikota askatzeko eguna. Ondo amarratuta dagoen txikota, guztia lotuta baitago egun handiari begira dena prest, gogotsu eta irrikitan daude daudela nabarmendu dute.

Arantza Manterolak hezkuntza komunitate sendo batek, elkarlanean eta auzolanean Ikastolen proiektuari bultzada bat ematen jarraitzea goraipatu du. Urte osoko lanaren ondoren heldu da oriotarrei fruituak jasotzeko unea eta etorkizuneko erronkak betetzeko hazi berria, gaineratu du.

Auzolana. Aurkezpenean behin eta berriz errepikatu den hitza. Auzolanean eraman baitira urte osoan zehar egindako ehundaka ekimen, eta horiei, Kilometroak 2014 Jaiaren parte izan diren guztiei eskerrik beroenak eman dizkie Joseba Orellak eta herri-lana txalotzekoa izan dela gaineratu du. Urriaren 5eko eguna ere auzolanean eraiki da jaia Oriora ekartzeaz haratago, Oriotik eraiki da azpimarratu du Zigor Saizar Ikastolako zuzendariak.

Herritik eraikitako eskaintza kulturala

2/3. Hori da egitarauean eskualdekoek duten presentzia; eta eskualdekoen artean, asko eta asko, herrikoak izango dira. Bertako taldeei eman nahi izan diegu lehentasuna. Lehen gunean, adibidez, eskaintza kultural guztia herritik eraikia da eta gainontzeko guneetan ere gutxienez emanaldiren bat bertakoa izango da, azaldu du Saizarrek.

Hainbat ate jo behar izan dituzte urte osoan zehar, esan bezala, auzolana izan baita jai hau aurrera ateratzeko gakoa. Oriotarren parte hartzea bermatzeko, aldiz, ez dute ate joka ibili behar izan. Proposamenak bidaltzeko bidea ireki genuen eta, zorionez, asko jaso genituen. Tamalez batzuk aurrera eraman behar izan ditugu eta beste batzuk alboratu, baina pozgarria izan da oriotarrek eskaintza kultural horren parte izan nahi dutela jakitea, aitortu du Orellak.

Ibilbidea osatzeak duen garrantzia

Kilometroak lagunkoia. Honela izenpetu dute Orioko adineko pertsonekin aurrera eraman duten ekimena. Pertsona hauen herriko istorio, esamolde eta anekdotak jaso dituzte eta bildutako bizipenekin ibilbidean zehar ikusgai izango diren bederatzi panel osatu dira. Bestetik, ekintza kulturala guneetara mugatu gabe, herri guztira zabaldu nahi izan dute festa eskaintza ibiltariarekin.

Ibilbidea egiteko bada aitzakia, beraz. Izan ere, testigua eskuartean zutenetik argi izan dute festaren hastapenetan ibilbideak zuen garrantzia berreskuratu behar zutela.

Hastapenei keinu eginez

Irekiera ekitaldian zinta moztuko dutenek eta omenduak izango direnek ere lotura zuzena dute hastapen garaiekin. Ikastolen sorreran gure aurreko belaunaldiek erakutsi zuten ausardiari keinu egin nahi izan diegu mimo bereziz, azaldu du Gema Etxabe Ikastolako lehendakariak.

Kilometroak jaiaren sortzailea izan zen Josu Erguin eta Orioko Herriko Ikastolako lehendabiziko lehendaria Antonio Campos. Berek emango diote hasiera Kilometroak 2014 jaiari. Ikastolako lehen belaunaldiko gurasoak eta Anjel Lertxundi izango dira omenduak, horiei esker ere egin baitu aurrera Orioko Herri Ikastolak.

20 Ikastola prest Erronkarako

Lehengo urtean Tolosak erronka berri bat izan zuen: Erronka ekimena. Aurten, jarraipena eman nahi izan zio Tolosan hasitakoari. Iazko oinarriekin eta berrikuntza batzuekin berriz ere ospatuko da Erronka. Gipuzkoako 20 ikaslek hartuko dute parte.

2, 3, 4 eta 5 guneetan egingo dituzte lehen lau probak. Bazkalostean errepeska egingo da Erantzun bila izeneko probarekin; eta hor erabakiko diren zeintzuk izango diren final handia lehiatuko direnak. Lau taldek jokatuko dute finala, 16:30ean. Xehetasun gehiago, hemen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!