Goiko kaleko festen 10. urteurrena

Karkara 2014ko urr. 8a, 12:39

Goiko kaleko fesen hamargarren urteurrena ospatzeko bazkaria antolatu dute 10 euroren truke

Badira hamar urte Goikokaleko festak biziberritu nahi eta lagun koadrila bat bildu ginela. Egun eta erdikoa izan zen 2004ko hura. Pixkanaka-pixkanaka asteburu osora luzatu genuen jaia. Eta izerdi askorekin lortu dugu gure ametsa: gure Goikokalea, urtean behin bada ere, biziberritzea. Ez da marka makala gurea! Hamarkada oso bat ametsetan, ospatu beharko, ezta?

Aurten festen formatu ohikoa bazterrean utzi eta ospakizun eder bat egitea erabaki dugu.  10. urteurrena ospatu egin nahi dugu eta Goikokalen ondo dakigun moduan egingo dugu: mahaiaren bueltan eta musika lagun. Baina horretarako hamar urte hauetan gure ametsa egia bihurtzen lagundu digutenak nahi ditugu alboan.

Urriaren 11n, larunbatarekin, bazkari bat antolatu dugu Balea elkartean. Babarrun jana, postreaz eta edariaz lagundua. Urtero legez, Bentazaharreko mutiko alaiak etorriko dira bazkalostea girotzera. Bazkariaren prezioa 10 €koa izango da eta txartelak turismo bulegoan eta kultur etxean daude salgai urriak 10 ostiralarte.

Zatoz gurekin ospatzera!

Goikokaleko festa batzordea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!