Iñaki Iturain: "Gerra batean guztiek galtzen dute"

Karkara 2014ko urr. 17a, 11:06

1936ko gerrak Orion utzitakoa liburu batean bildu du Iñaki Iturain oriotarrak eta atzo aurkeztu zuen jendaurrean

Bi begiekin idatzi du liburua Iñaki Iturainek. 1936ko gerrari ezkerreko begiarekin begiratu dio, baita eskuinekoarekin ere. Ez du begi bat bera ere tapatu eta gerra hark Orion utzitako ubera osotasunean kontatu nahi izan du, zertzelada guztiekin.

Duela hiru urteko udaran emakume bat gerturatu zitzaion Ituraini bere historia kontatzera. Haurra zela atzerrira joan behar izan zuen, eta aitak gerraren ondorioz ezin zuenez Euskal Herria itzuli, han hazi eta hezi da; bai bera, bai bere seme-alabak. Historia hori idazteko eskatu zion Ituraini, berek inguruak ulertzeko zergatik den bere familia frantzesa. Orduan erabaki zuen Iturainek idazten hastea. Eta atzo, liburua eskuartean zuela sartu zen Kultur Etxeko aretora. Hiru urteren ondoren idatzi ditu istorio hori eta beste hamaika.

Aretoa betea zegoen. Foko bat sarraskia argiztatuz; lanpara bat Manterola eta Iturain berotuz. Batak galderak egin eta besteak erantzun, eta horrela, ordu beteren bueltan liburuaren nondik norakoak kontatu zituen jendaurrean Iturainek.

Amaitzeko, argi guztiak itzali eta proiektorea piztu zen. Gerra garaiko argazkiekin egindako ikus-entzunezkoa jarri zuten, hitzez kontatutakoa irudietan ikusteko. Bideoa bukatzearekin batera amaitu zen aurkezpena, txalo artean.

Atzo bertan liburuak salgai jarri zituen eta gaurtik aurrera liburu dendetan erosi daiteke 10 euroren truke.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!