Motondo ehiza babesleku izendatzeko mozioa ez zen onartu

Karkara 2014ko aza. 3a, 14:56
Argazkia: urakbide.com

Lasai joan zen urriaren 30eko bilkuraren zati handiena, azken puntura iritsi zen arte: Itsas Enara natur taldeak aurkeztutako mozioak tirabirak sortu zituen zinegotzi eta herritarren artean.

Gorabehera handirik gabe landu ziren gai gehienak udalbatzarraren ohiko bilkuran pasa zen ostegunean, urriaren 30ean.

Hasteko, aho batez onartu zuten, udalbatzarraren 2014ko ekainaren 25eko ohiko bilkurako aktaren zirriborroa. Udal kontu-hartzailetza zerbitzuak emandako txostenaren berri eman zuen gero idazkariak. Aurrekontu-egonkortasuneko, iraunkortasun finantzarioko eta gastuaren erregelako helburuak betetzeari buruzkoa zen txostena.

Hirugarren, laugarren eta bosgarren puntuak aldeko zazpi botorekin eta lau abstentziorekin onartu ziren: Udalaren aurrekontu propioari dagokien 9/2014 eta 10/2014 zenbakidun kredituen aldaketei eta Ordenantza Fiskalaren eta beren eranskinaren aldaketei dagozkienak ziren horiek. Ordenantza fiskalen gehiengoa izoztea proposatzen zen. Zerga mailan igoera puntual bat planteatzen zen hiri lurren balioetan, %10etik %11ra pasatzea. Igoerak planteatu ziren, baita, erabat defizitarioak diren zerbitzuetan: hilerrian, musika eskolan, kiroldegiko erabilpenean eta Arraunetxeko erabilpenean.

Jon Redondok aipatu zuen puntu horretan beren alderdiaren planteamendua Ordenantza Fiskal guztiak izoztea zela, eta hainbat puntutan igoerak egon ziren arren, ez zutela aurkako botorik emango, abstentzioa baizik.

Seigarren puntua, 2015erako auto-taxi zerbitzuaren tarifak izoztea, aldeko hamaika botorekin eta aho batez onartu zen. Taxien gremioak berak planteatutakoa zen izozketa, egoera ekonomikoa ikusita.

Mendekoen arretarako laguntzarako hitzarmena

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Orioko Udalaren artean izenpetu beharreko mendekoen arretarako etxeko laguntza zerbitzua finantzatzeko hitzarmena zen zazpigarren gaia. Mendekoen arretarako etxeko laguntza Udalaren eskumena da izatez, baina hori aurrera eramateko finantzazioa Foru Aldunditik dator. Aldundiak aurten ez du bere ekarpena egin hitzarmena ez izenpetzeagatik, eta Udalak aurtengo laguntza jaso nahi badu hitzarmena sinatzeko baldintza jarri du.

Amaia Dorronsorok aipamen bat egin zuen: gehigarrian agertzen den bezala, 2008an konpetentzia hori Udalaren eskutan geratzen zela zioen lege hau onartu zen. Orain arte ez da ezer egin eta orain Aldundia arautzen hasi da hau garatzeko. Eusko Jaurlaritzatik eta beste erakundeetatik ez dago hau finantzatzeko diru sarrerarik, eta Udalak ezin du bere gain hartu etxez etxeko laguntzaren kostua. 3000 biztanle baino gehiagoko herritan Aldundiak gastu horien %85a bere gain hartzen du. Ez dakit zerbait eztabaidatu beharko litzakeenik, gauza horrela da eta ez dugu aukera handirik. 

Miriam Urangak Orain taldea ados zegoela esan zuen; hitzarmenaren koma bat bera ere ezin dugu aldatu, dagoen bezala sinatzen dugu edo ez dugu sinatzen. Egia da Orioko herriarentzat zama bat dela, aurten %85a finantzatzen baitu, baina hurrengo urtean, hitzarmenaren luzapena egiten denean, %50ekoa izango delako laguntza. Hala ere, sinatu egin behar dugula uste dugu, derrigortuta gaudela.

Azkenean, beste aukerarik ez zegoela adostuta, aho batez onartu zuten gaia eta alkateari baimena eman zitzaion hitzarmena izenpetzeko.

ayudadomicilioenzaragoza.com

Katalunia, liburutegien kanonak, LOMCE eta emakumeen aurkako indarkeria

Konstituzio-Auzitegiak Kataluniako kontsulta behin-behinekoz bertan behera uzteko hartutako erabakiaren aurrean mozio bat aurkeztu zuten. Bertan, Udalak Espainiako Gobernuak aurkeztutako errekurtsoarekin eta Konstituzio-Auzitegiak hartutako erabakiarekin ados ez dagoela adierazten du, eta herriek eta pertsonek bere etorkizuna demokratikoki erabakitzeko askatasuna dutela defendatzen du. Aho batez onartu zuten mozioa.

Tokiko, Foru Aldundietako eta Autonomi Erkidegoko liburutegi publikoek ordaindu beharreko kanona bertan behera uztea eskatzeko proposamena ere aho batez erabaki zen.

LOMCE lege organikoa Orioko herrian aplikatzeari buruz, Orioko Udalak Eusko jaurlaritzari LOMCEk euskal hezkuntza sisteman izan dezaken eragin negatiboa txikitzeko eskura dituen neurri guztiak har ditzala eskatzea ere aho batez onartu zen.

Emakumeei zuzendutako biolentziaren kontrako azaroaren 25eko Nazioarteko Egunaren ospakizuna dela eta, aho batez onartu zituzten berdintasuna sustatzeko eta jarrera matxisten prebentzio eta salaketarako hainbat konpromiso.

Motondo: ehiza edo segurtasuna

Itsas Enara ornitologia elkarteak mozio bat aurkeztu zuen Udalean irailaren 18an beste bost talderekin batera –horien artean Orioko Herrio natur taldea zegoen–. Mozioan Motondoko padura ehiza babesleku izendatzeko eskatzen zuten hainbat arrazoigatik:

  • Eremuaren balio ekologikoa. Motondoko eremua Oria itsasadarrean babesturiko eremuan kokatzen da. Eremu horietan EAEn arriskuan dauden animalien eta landarediaren katalogoko hainbat espezie aurkitu daitezke. Hegaztien migrazioan duen papera garrantzitsua da hainbat espezieek atseden hartzeko eta elikatzeko erabiltzen dutelako.
  • Babestutako espezieak. Motondo eremuan hainbat eta hainbat babestutako espezie agertzen dira, horien artean Arrano Arrantzalea, estuarioari estuki lotutako espeziea. Europa eta mundu mailan babestutako espezieren geralekua da eta ehiztarien presentziarekin bertatik joaten dira.
  • Segurtasuna. Oinezkoak, ontziak eta trena. Ibaiaren paraleloan doan bidea oinezko askok erabiltzen dute paseorako nahiz kirola egiteko. Hain distantzia motzean eskopetak erabiltzeak guztiz ekidin beharreko arrisku egoerak eragin ditzake. Oria ibaia kiroletako erabiltzen den eremua da, ontzien joan-etorria handia delarik. Egunero 60 bat trenek ere zeharkatzen dute eremuaren ertza.
  • Ehizaren legea betetzea. Ehiza egiteko kontutan hartu beharreko segurtasun distantziak Motondon aktibitate hori egiteko aukera gutxi uzten du. Ehizarako baimenduta dagoen munizio handiena erabiliz gero –00 deiturikoa– ibaiaren beste aldera iritsi daiteke perdigoia.

Jon Redondok Udalak Foru Aldundiari ezer plazaratu aurretik beste alderdiari ere, kasu honetan ehiztariei, beren iritzia zein den galdetu beharko liokeela esan zuen, horregatik eskatzen dugu gaia mahai gainean uztea, bi alderdiekin komisioan lantzea eta orduan bat hartzea.

Alkateak erantzun zion mozio horrekin beste guztiekin erabiltzen zen prozedura berdina jarraitu zela: talde batek mozioa aurkeztu du, bilkurara eramaten da eta bertan bozkatu egin behar da. Itsas enararen iritziaren aurkako besteren bat egongo balitz, haiek ere eskubidea dute idatzi bat aurkeztu eta bilkurara ekartzeko.

Mozioak irailaren 18ko sarrera zuela esan zuen Miriam Urangak, baina guk urriaren 24an jaso dugu. Ez dugu denborarik izan gaia aztertu eta taldean zein iritzi dugun erabakitzeko.

Azkenean bozka egin zen eta ezezkoa atera zen aldeko 5 botoekin –Bildu– eta kontrako 6rekin –Orain eta EAJ–. Urangak hitz egin zuen: abstentzioa emango genuela esan dugu, baina ezezkoa eman dugu baiezkoa aterako zelako bestela eta gure taldeak gaia landu nahi duelako eragile guztiekin. Bestalde, dagokionari –alkateari edo idazkariari– prozesua errepasatzeko eskatu zion, ez da dokumentu garrantzitsuak berandu iristen diren lehen aldia.

Herritarren hitzak

Herritarren ekarpenak hasi zirenean eztabaida sortu zen. Aluzinatzen ari naiz esan zuen herritar batek, ez zuen ulertzen, herrian askotan hitz egin den gaia izanik, mozio hori iritsiko zela ez jakitea. Gainera, Orion ehiztariak daude baina ez ehiza talderik, zeintzuk dira orduan eragileak? Horrela hasten bagara, neu ez naiz eragilea? Niri inork ez dit galdetu Kataluniaren edo LOMCEren gaiari buruzko iritzia, adibidez? Jakin nahiko nuke zein den lehen aipatu duzuen ehiza taldea. Komeni denean bakarrik galdetzen da.

Redondok erantzun zuen ez zutela espero mozio hori; bestalde, alde baten iritzia dakigun bezala, kasu honetan ekologiaren aldeko talde batena, ehizaz hitz egiten ari garenean ehiztarien iritzia jakitea normala iruditzen zaigu.

Itsas Enara taldeko kide batek aipatu zuen ehiza dagoeneko debekatua dagoela Motondon, Udal honek duela urte batzuk plan orokorra onetsi zuenetik. Proposamen bat egin zuen: eragileekin –gurekin eta ehiztariekin– bilera bat egin behar bada Orioko eta Zarauzko arraun elkarteen iritzia ere eskatzea, egunero ibiltzen baitira eremu horren inguruan uretan.

Bere burua ehiztari bezala aurkeztu zuen herritar batek esan zuen gezurra dela 00 perdigoiak erabiltzen direla Motondon, ez baita hegaztiak ehizatzeko eraginkorra. Kartel baten argazkia ere erakutsi zuen, ehizatzea debekatua dago esaldia idatzia zuena. Kartel hura jartzeko agindua berak eman ote zuen galdetu zion alkateari. Baietz erantzun zion alkateak, udal teknikarien iritzia eskatu ondoren, kartel hori jarri zitekeela jarri ondoren agindua eman nuen. Orain geure buruari galdetu behar dioguna da ea nork kendu duen.

Balistikaz ez dakizue ehiztariek bakarrik esan zion beste herritar batek ehiztariari, geuk ere zerbait badakigu, eta arrazoi duzu, inork ez du usakume bati 00 perdigoiarekin tiro egingo. Baina kartutxo-uhalean eraman daiteke, eta gerta liteke nahastea eta okerreko kartutxoa sartzea eskopetan. Ni Motondoko eta Oria ibaiko erabiltzailea naiz eta ez dut zertan horren beldurrez egon.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!