Euskaraz bizi-bizi

Pello Jauregi: "Eremu kolektiboa eremu legitimo bihurtu behar dugu"

Karkara 2014ko aza. 5a, 09:05

Hiztunen motibazioa landuko duten jardunaldiak gaur hasiko dira Pello Jauregiren hitzaldiarekin, arratsaldeko 19:00etan, Salatxo aretoan.

Pasaitarra da Pello Jauregi. Hezkuntza zientzietan doktore, tesia helduen euskalduntze eta alfabetatzean egin zuen. AEKn urte askoan ibilitakoa da eta egun EHUn da irakasle, magisteritzako eskolan. Gaur, Orion izango da, Portaeratik jarrerara: hezkuntza aldaketaren gakoak hitzaldia ematen.

Portaera eta jarrera. Ezberdinak al dira?

Jarrera alderdi subjektiboa da, barruakoa. Barruan dauzkagun sentimenduak eta pentsamenduak dira. Jokaera, ordea, kanpokoa da. Batzuetan egiten duguna eta barruan sentitzen duguna bat datoz, baina askotan ez. Horregatik du bakoitzak bere hitza.

Euskalgintzan zein da bietatik garrantzitsua?

Askotan pentsatzen dugu lehendabizi, batez ere euskalgintzan, jarrera behar dela, motibazioa. Hau da, barruan eragin behar dugula lehendabizi eta ondoren jokaera aldatu. Nik planteatzen dudana zer da: hori bezain interesgarria edo interesgarriagoa dela alderantzizkoa.

Portaeran jarri behar dugu, hortaz, fokua?

Kanpoko egoerak behartzen banau era batera jokatzen, azkenean nire barruko jarrera moldatu egingo da eta ohitu egingo da. Behartuta nago nire inguruan guztiek euskaraz egiten badute, beraz, moldatu egingo naiz eta onartu egingo dut. 

Kanpotik barrurako bidea da, jokaeratik jarrerara. Eta hori da nik proposatzen dudana, izan ere, hemen benetan jendea motibatzen duena erabilera da. 

Orion helduak dira euskara gutxiago erabiltzen dutenak. Adin nagusikoekin ohiturak jokaeratik aldatzea ez da zailagoa?

Orion baliteke gazte guztiek euskara jakitea eta ulertzea. Denek ulertzen badute komunikazioa eman daiteke; batzuek akaso ez dute jarrera berezirik, baina izango dira euskaraz normaltasunez egiten dutenak eta, orduan, komunikazioa ez da eteten.

Helduekin zalantzak ditut. Seguraski helduen artean jende asko dagoela euskara ez dakiena, eta hori gertatzen denean, komunikazio-jarioa gelditu egiten da. Ingurune irregularrak daudenean euskararen erabilera asko jaisten da. Historikoki euskaldunok gutxiengoa izan ala ez izan, komunikazioa izateko erdarara pasatu gara.

Elkarrizketa elebidunak izan genitzake...

Jokaera asimetrikoa da bi hizkuntzetako elkarrizketa. Oraindik ez gara ohitu ulertu baina jakin ez arren, euskaraz hitz egitea bestearekin. Gateekin hasi behar dugu horretan, berek beste errealitate bat daukatelako.

Baina horretarako jarrerak garrantzia izango du, ezta?

Batzuk bai. Deserosotasuna gainditu behar da, antinaturala baita bi hizkuntzetako solasaldiak izatea. Sokatira moduko bat da. Gutxi batzuk jarrera izango dute eta euskaraz hitz egingo dute, beren inguruan giroa sortuko dute eta beste batzuk inertziaz haiei jarraituko die. Jokaeratik jarrerara egokituko da gainontzeko jendea.

Helduetan hori zailagoa izango da.

Egoera bakoitza bereiztu beharko litzateke helduetan. Badaude egoerak non guztiak euskaldunak diren, baina beste batzuetan ez. Ez dakien norbait badago, blokeo egoera ematen da. Asko aldatzen da tartean erdaldunak egon edo ez.

Haurrek laguntzen dute kasu horretan?

Ez dut uste indar determinantea direnik. Askotan fenomeno normala da konpartimentu estankoak egitea eta bakoitzarekin hizkuntz-arau ezberdinak erabiltzea. 

Orduan, nola eragin dezakegu helduetan?

Talde naturalak dira eragiteko modu hoberenak. Harremanak finkatuta dituzten taldeez ari naiz: elkarteak, familiak, kuadrila... eta hor eragiteko erabaki kolektiboak behar dira, ez indibidualak. Hizkuntza ohitura tarteko dagoenean asko aldatzen da talde batean bizimodua, egoera artifiziala sortzen da berriz hizkuntza ohitura berria errotu arte.

Talde guztiaren artean adostutako erabakia izan behar du eta, ondoren, arautu egin beharko da. Hobe da taldean, presioa handiagoa baita eta hizkuntz ohitura iraultzeko indarra izatea indibidualki oso zaila da. 

Behartzea eragiteko modu bat da?

Bi behartzeko modu daude: formala eta informala. Formala da erakunde batek esaten duenean guztiok euskaraz egin behar dugula, bai ala bai. Informala izango litzateke bestea euskara erabiltzea behartzea ni euskaraz ari naizelako. Hori erdaldunek egiten dute.

Hori beste toki batzuetan gertatzen da, baina Euskal Herrian ez...

Euskaldunok deseroso sentitzen gara hori egiten dugunean, edukazio txarrekoa dala iruditzen zaigu. Mendeetan horrela ohitu gara, beraz, jokabidea aldatzea ez da erraza. Baina guk hasi behar dugu mezuak eta diskurtsoak zabaltzen, legitimo bihurtzeko jokaera hori.

Kostako zaigu...

Lanketa handia da. Ez da berehala gertatuko, natural bihurtu arte kostako zaigu, baina beharrezkoa da.

Taldean eginez gero errazagoa izango zaigu.

Norberak indibidualki horrela jokatzea, lasaitasunarekin, zaila da. Ingurukoek portaera hori onartzea, arazorik ez jartzea, zaila da. Taldean errazagoa da guztia, horregatik jartzen dut fokua horretan. Izan ere, horrela jokatzen duena lasai sentituko da, natural, eta besteek ere ez diote kargua hartuko. Eremu kolektiboa eremu legitimo bihurtu behar dugu.

Gazteak giltza direla esan duzu.

Etorkizunean berek izango dira helduak. Oraingo haurrentzat beraiek dira erreferente, eta ikusita Orioko datuak, euskararen erabilpenaren kateak jarraipena izango duelakoan nago. Orain arte ez da hori sekula pasa euskalgintzan, egotea adin tarte bat non guztiek zekiten euskara.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!