Gure Bazterrak

Gure Bazterrak, ekiteko prest

Karkara 2014ko aza. 24a, 07:03

Behin motorrak berotuta, hasiera eman nahi die Euskal Herriko txoko guztiak bisitatu nahi dituen ekimenari: Gure Bazterrak.

Hiru gazte, bost musika talde eta eszenatoki bat. Labur esanda, hori da ostiral honetan Orion izango dena. Hiru musikazale gaztek antolatutako jaialdia, non bost musika talde indartsuk parte hartuko duten. Arratsaldeko 18:00etan hasita, gauerdira arte, Karela kiroldegian.

Hiru gazteren ilusioa, abiapuntua

Gratxina Lertxundiren, Eñaut Martíren eta Maider Villaverderen afizioa da musika. Zaletasun honekin hiru hankako proiektu bat garatu nahi izan dute: Gure Bazterrak. Batetik, artisten mantenua; bestetik, musika jaialdiak; eta, azkenik, umeekin musika eta sormena sustatzeko tailerrak. Helburua, bat eta bakarra: Euskal Herriko txoko guztiak musika izatea soinu banda.

Bost euskal talde

Grises, John Berkhout, Giranice, Skasti eta Mobydick. Bostak euskaldunak, bostak ezberdinak, bostak indartsuak. Folketik skara; rock, psikodelia, instrumental, pop eta indietik pasata. Bost proposamen, bost izate, bost puntako talde.

10 euroren truke

Hori guztia, 10 euro ordainduta. Hiru modutara erosi daitezke sarrerak: online, WhatsApp bidez eta hainbat dendetan. Online erosteko aukera entradiumen dago, hemen; WhatsApp zenbakia 664 348 104 da hori; eta dendak edo tabernak Dabadaba, Garoa, Eguzki, Irrati eta Kalakari dira.

Sarrerarekin batera poltsa ere eskuratu dezakezu. Horretarako bost euro gehiago ordaindu behar dira, 15. Kartelak ere eskuratu daitezke 10 euroren truke.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!