.eus

Jabier Zabaleta: "Hizkuntza-portaerak ez dira aldatzen egun batetik bestera"

Karkara 2014ko abe. 3a, 19:53

Jabier Zabaleta Orioko Udaleko euskara teknikaria da. Euskarak Orion bizi duen egoeraz galdetu diogu euskararen nazioarteko egunean

Euskara osasuntsu ikusten duzu Orion?

Beste galdera batekin erantzungo dizut: non dago euskara Orion baino osasuntsuago?

Esango nuke euskara nahiko osasuntsu dagoela Orion eta alor askotan aurrerapen handia egin duela (gazteen erabilera eredugarria da, adibidez; eta alor formalean asko aurreratu dugu: irakaskuntzan, administrazioan, komunikabideetan…); hala ere, horrekin batera, esan behar da baditugula kezkatzeko motiboak ere, batez ere ikusita zenbateraino normaldu zaigun gaztelaniaren erabilera lehen ia guztiz euskararenak ziren esparru intimoenetan: lagunartean eta familian. Aurten, esaterako, LH4, LH5 eta LH6ko ikasleen artean egin dugun galdetegiaren bidez ikasi dugu, haur horien etxeetan, beren artean euskaraz egiten duten gurasoak %40 baizik ez direla eta %55ek gaztelaniaz egiten dutela. Hori bada zerbaiten sintoma.

Gazteen arten osasuntsu dago; helduen artean, ordea, kutsatuago. Ekimenak egin dituzue horiek aktibatu eta euskararen erabilera sustatzeko. Fruituak eman dituzte?

Orioko haur eta gazteak ia erabat euskaraz bizi dira eta hori arrazoi sendoa da itxaropentsu izateko etorkizunera begira. Azken aldian, ordea, kezkatuta gabiltza helduen erabilerarekin, sumatzen dugulako herriko euskaldun askok, nahiz euskaraz ederki jakin, joera duela gaztelaniaz egiteko lagun artean edota etxeko giroan. Esparru horiek, tradizionalki, euskararenak izan dira Orion —baita euskara debekupean egon zenean ere—; baina orain, ikusten dugu euskarak terrenoa galdu duela hor eta horrek kezka eragiten digu.

Herri euskaldun askotan ari da zabaltzen kezka hori eta nahiko lan badugu joera horri aurre egiteko bide egokia zein ote litekeen asmatzen.

Orokorrean, uste dugu euskal hiztunak aktibatu behar ditugula. Gaur egun gero eta normalagoa da herritarrek bi hizkuntza edo gehiago jakitea eta, hortaz, bata ala bestea egin, askotan, hiztunaren aukera da. Guk hiztun horrek euskaraz egitea aukera dezan nahi dugu eta helburu horri begira abiatu ditugu Euskaraz bizi-bizi egitasmoa eta Aita, ama… kontu bat dut zuei esateko… ekimena, besteak beste.

Goiz da oraindik egitasmo horien fruituez hitz egiteko. Hizkuntza-portaerak ez dira aldatzen egun batetik bestera –tira, bikote batean bai, hala izaten da askotan: erabaki eta egin; baina gizartean aldaketa horiek urteak behar dituzte–. Garbi ikusten dut gai honi lehentasuna ematen segitu beharko dugula datozen urteotan.

Zirimiriaren estrategian sinesten dut nik: mezuak etengabe zabaldu behar dira, goxo, askotariko, erakargarri… eta mezu horiekin, pixkana-pixkana, jendea zipriztindu, busti, blaitu…

Modu ez horren poetikoan esateko, lata ematen segitu beharko dugula, alegia 


Gazteen artean, aldiz, Orion garai batean hitz egiten zen euskara galtzen ari da. Horri buelta emateko helburuarekin sortu zen, Erria Txikota! leloa. Beharrezkoa ikusten duzu gazteekin euskara hori lantzea?

Garbi dago gazteen euskara ez dela aiton-amonena bezalakoa. Nabarmen-nabarmena da. Baina horrek ez nau bereziki larritzen. Beti izan da horrela eta hizkuntza guztietan, gainera. Bizirik dagoena aldatu egiten da. Bizitzaren legea da hori.

Horrek ez du esan nahi, jakina, gure aiton-amonen hizkerari balioa eman behar ez diogunik. Haien euskara bizi-bizia da eta ezaugarri asko ditu gaur egungo gazteentzat ere oso erabilgarri direnak. Ezaugarri eta berezitasun horien ezagutza sustatu behar dugu. Gazteei zor diegu transmisio hori egoki egitea eta hori da bermatu behar dieguna. Gero, jakina, berek erabakiko dute hizkera horretatik zer zaien baliagarri eta zer ez, zer hartuko duten eta zer utzi.

Gaur euskararen eguna da. Euskara teknikari izanda, zer egingo duzu gaurko egunez? Beharrezkoa ikusten duzu egun hau ospatzea?

Beharbada, ez da oso politikoki zuzena esatera noana; baina ez daukat Euskararen egunean ezer berezirik egiteko ohiturarik. Izaera kontua izango da, seguru asko; baina gehiago sinesten dut egunez eguneko lanean, lehen aipatzen nuen zirimiriaren estrategia horretan, egun bakarreko etxafuegotan baino. Horregatik gustatzen zait Topaguneak iaz martxan jarri zuen Euskarak 365 egun ekimena, egunez eguneko txindurri-lan hori nabarmentzen duelako.

Ez dago ukatzerik, hala ere, Euskararen egunak bisibilitatea ematen diola gaiari eta aukera ematen digula, urtean behin badarik ere, euskarari buruz gogoeta egiteko, gogoeta hori plazaratzeko, gaia kalean jartzeko, eztabaidatzeko… Horretarako baliatu beharko genuke Euskararen eguna, gaur Karkara egiten ari den bezala.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!