Gabonak

Urtarrilaren 2an ekintza ugari izango dira

Karkara 2015ko urt. 1a, 12:49

Argiztapen autogestionatua Orion. Aian, berriz, pintxo eta postre lehiaketa, eta Amaia Txintxurreta DJ izango dira.

Ekintza ugari antolatu dituzte biharko, bai Aian eta bai Orion: argiztapen autogestionatua eta parte-hartzailea, postre eta pintxo lehiaketa, eta dantzaldia Amaia Txinxurretarekin.

Ez da lehen aldia argiztapen autogestionatua sortzeko ekintza egiten dena. Kontzientziazioa du helburu, energiaren erabilera arduratsua egitea. Eta hori, nola lortu? Sei bizikleta jarriko dira plazan, eta pedalei eragiten sortzen den energiarekin, plazako bi zuhaitz argiztatuko dira. 

Ekintzak bere fruituak eman ditzan, garrantzitsua da parte hartzea. Hortaz, Udaletik haur eta gurasoei dei egiten diete bizikletan ibili eta argiak pizten laguntzeko. Aurten, bitan egingo dute ekintza, abenduaren 26an ere egin baitzuten.

Egun berean, urtarrilaren 2an, nerabeek sukaldean duten trebezia erakutsi ahal izango dute. Berei zuzendutako postre eta pintxo lehiaketa egingo da Aian, 16:00etan. 

Ordu eta erdira, sukaldeko lanak amaitutakoan, pintxopotea hasiko da. Jaia Amaia Txintxurretak girotuko da, DJak musika dantzagarria jarriko baitu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!