Erria txikota!

Etekin ekonomikoa baino, elkarlana geldituko da memoria historikoan

Karkara 2015ko urt. 5a, 08:58

Hiru hilabete igaro dira txikota askatu zenetik. Urte bete baina gehiago lanean hasi zirenetik. 2015 urtean sartu garen arren, oraindik, Erria Txikota! 2014 ez dela amaitu diote Gema Etxabe eta Zigor Saizarrek.

Askok urrun ikusiko dute urriaren 5a...

Gema Etxabe: Guretzat oraindik oso gertu dago, guretzat oraindik ez dago amaituta. Ez gara distantziatik begiratzeko kapazak. Urte berezia izan da, bai herriarentzat, bai ikastolarentzat, bai gurasoentzat, ikasleentzat, irakasleentzat... Herriak ahaztuko ez duen urtea izan da, sentimendu eta emozio askokoa. Laburbiltzeko zaila. Erria Txikota!k kontzientzia eman digu aurrera egiteko, komunitatea elkartzeko aitzakia eman digu. Erakutsi digu ausardiarekin txikota askatu eta aurrera joan gaitezkeela.

Oraindik amaituta ez dagoela diozu. Balantze orokorra egiteko garaiz al da?

Etxabe: Balantzea egiterako garaian, jendeak gauza bakar bati erreparatzen dio. Zein da balantze ekonomikoa? Dirua lortu nahi da, hori horrela da; baina, hori ez da gauza bakarra. Herria elkarlanean mugitzea lortu da, Ikastola barrutik kohesionatu da, giro berezia sortu da. Garrantzitsua ez da etekin ekonomikoa bakarrik. Uste dut urteen poderioz gure artean geldituko den oroitzapena ez dela lorpen ekonomikoa izango.

Baina, balantze ekonomikoa nolakoa izan da?

Etxabe: Etekin ekonomikoaren behin betiko balantzea oraindik egin gabe dago. Kooperatibaren barruan egin genuen batzarrean behin behineko emaitzak eman genituen, baina oraindik itxi gabe dago. Izan ere, Kilometroak Kultur Elkarteak egin behar du ofizial hori.

Batzarrean zer zioen jendeak? Gustura zegoen?

Zigor Saizar: Jendeak bere lanaren etekina dirutan ikusi nahi zuen. Normalean datuen emaitzak urtarrila amaieran edo otsailan ematen dira. Guk abenduan egin genuen bilera. Burutik kendu ezkero diruaren etenika, jendeak sentsazio onak zituen.

Erreferentzia edukitzen da ondo atera den aurreko Kilometroena. Gure kasuan, iaz, Tolosak izugarriko Kilometroak antolatu zuen. Ikastola honen aldean bikoitza da Laskorain; Orioren aldean Tolosa hirukoitza da. Gure erreferentzia Tolosa izan da eta ia balantze gehienetan beren datuetara hurbildu gara, baita hobetu ere. Izugarria da.

Dirua eraikina ordaintzeko eta hezkuntzan inbertitzeko erabiliko duzue.

Saizar: Ohitura dirua ladreiluetarako erabiltzea da. Guk beste Erria txikota! bat egin nahi izan genuen diruaren erabileran. Herriko ikastetxe bat izanda, Ikastolaren egoitzak herriarenak dira. Herriko instalazioak ordaintzen bakarrak ezin dute Ikastolako gurasoak izan, eta iruditzen zitzaigun gurasoek nahiko ekarpen egin zutela. Beren ekarpena hezkuntzara joan behar zuela uste genuen.

Udala ordezkatzen zuten hiru alderdiei esan genien kopuru bat mailegua ordaintzeko erabiliko zela, baina beste zatia hezkuntzara bideratuko genuela. Hezkuntza proiektua hobetu nahi dugu, bide berrietan sartu nahi dugu. Ikerkuntza eta berrikuntza eginez ikasleak hezkuntza eredu berrietan hezi nahi ditugu. Lehendabizi, trebatu; ondoren, esperimentazio fase batean murgildu; baliagarria dela ikusiz gero, Ikastolan aplikatu. Horrek inbertsio bat behar du, eta genuen diruarekin ezinezkoa da. 

Etxabe: Hezkuntzan inbertitzea onuragarria da herriarentzat. 

Saizar: Gure ikasleak, gero, Orioko herritarrak izango dira. Gero eta hezkuntza hobeagoa jaso, herritar konpetenteagoak izango ditugu, eta herriarentzat aberastasun handiagoa izango da. 

Elkarlana aipatu duzue hainbatetan. Kosta egin zitzaizuen jende hori guztia biltzea?

Saizar: Ikastola honek duela bi urte plan estrategikoa egin zuenean, garatu nahi zuen adar bat auzolanarena zen, kooperatibarena. Jendeak kontzientzia izatea Orioko Herri Ikastola guraso kooperatiba dela, ikasle eta langileak kolaboratzaileak diren kooperatiba. Ikastolara sartzen den hori familiako kide egiten dela erakutsi nahi genuen, horrek dituen abantaila eta betebeharrekin.

Kilometroakek erabat bat egiten du izaera horrekin. Horrelako festa bat ez da antolatzen auzolanik gabe. Denon artean antolatzen da, helburu bakar batekin: ikastolari laguntzea. Alde horretatik, balio izan du estamentu guztien artean izaera kooperatiboa barneratzen joateko.

Hasierako sugarra, ilusioa, itzali zaizue uneren batean?

Zigor Saizar: Ez ditugu oztopo larriak izan. Agian, eguna hurbildu ahala, urduritasunak handitu ziren. Baina, sortu izan diren oztopoei erraz egin diegu aurre, interes komunen alde. Ez digu gatazka handirik, ez ilusio galerarik suposatu. Lan taldeen artean elkar-laguntza egon da eta Udalaren aldetik ere laguntza handia jaso dugu.

Oztopoak gainditzeko garrantzitsua izan da behin eta berriz aipatu duzuen elkarlana?

Saizar: Jendeak ikusi behar zuen ez zegoela norberarentzat lanean, denok bilatzen genuena festa egitea zen. Ikastolei laguntzea zen helburua, Gipuzkoa osoko Ikastolak ordezkatzen ari baikinen. Euskal Herri mailako ordezpena ere bazela esatera ausartzen naiz, Kilometroak Jaiak gainontzekoak baino indar handiagoa baitu. Eta, paper hori, oso kontuan izan du lan talde guztiak eta lanean aritu den norbanako bakoitzak.

Etxabe: Bidea ez da sekula erraza izaten, baina indarrak batuta helburura iristea errazagoa da. Eta, iristea lortu genuen.

Kilometroak eguna antolatu zenuten arren, urte osoko egitaraua osatu zenuten.

Etxabe: Kirol ekitaldiak izan dira harrera onena izan dutenak. Dena den, hainbat arlotako ekintzak egin dira, eta orokorrean ondo atera dira. Horiek guztiak ez dira etekin ekonomikoak ateratzerako egin, ikastolako baloreak ikasturte guztian zehar presente egoteko ere egin dira.

Egunari begira, zer balantze egiten duzue?

Etxabe: Ezbehar larririk ez zen gertatu, segurtasun handia zegoen, ondo zaindu genuen guztia. Herriaren garbitasunarengatik, festaren antolakuntzarengatik eta zirkuituagatik zoriondu egin gaituzte. Mantendu den Erronkarekin eta eskaintza ibiltariarekin erroetara jo genuen, eta asmatu genuen.

Saizar: Bestalde, etengabeko mugimendua izateko zegoen pentsatuta ibilbidea. Festa bukaera egokia izateko ere diseinatu zen. Bete-betean asmatu zelakoan nago, jendearen mugimendua pentsatu bezala gertatu baitzen.

Lan ona egin den seinale. 

Saizar: Zoriontzekoa da egindako lana. Mugarri bat jarri dugu, Orio mugarri izatera pasa da. Zerikusia dauka herri honen eta hemengo herritarren izakerarekin, erronka handien aurrean ez baikara beldurtzen.

Etxabe: Hori bai geldituko dela balantze bezala memoria historikoan.

Ekimen berri bat ere egin zenuten, Gure Zozketa.

Saizar: Kilometroen festaren izaera indartzea zen asmoa.

Hori izan da Erria Txikota!ren helburu nagusia.

Saizar: Ibilbideari, euskarari eta hezkuntzari eman nahi genion garrantzia. Azken hamarkadetan izan duen ospe txarra –gazteak eta alkohola– aldatu nahi genuen. Ikastolen aldetik asmo irmoa dago Kilometroak festa tendentzia horrekin amaitzeko eta emaitzak ikusten ari gara. Prebentzio datuak onak dira. Iaz jaitsi egin ziren, eta aurten iaz baina artatu gutxiago egon da. Erronkak prebentzio bezala funtzionatzen du, baina baita prebentziorako lan talde oso bat lanean edukitzeak. 

Itsas-kultura berpiztea ere bazen hasierako asmoetako bat. 

Saizar: Kostaldeko ondarea barrualdera eramatea zen helburua, erabiltzen ez den tokietako jendea probokatzea. Orain dela bi uret Tolosak ere probokazioa erabili zuen gaztelaniazko leloa erabilita. Guk ere hori bilatu dugu. Probokatu ezagutzera, galdetzera. Azaldu egin behar izan dugu, beraz, lortu dugulakoan nago. Esanahi literalaren eta metaforikoaren berri eman dugu. Askatasun oihua izan da, batez ere hezkuntza arloan. Nahiz eta kritikak izan, gogoeta eginarazi dugu.

Gure Zozketara bueltatuz...

Saizar: Orioko Ikastolatik ikusten zen festak kontsumoan oinarritzen zirela. Etxe komertzial batzuk beren produktuak debalde emanda lortzen zela etekin ekonomikoa. Tendentzia aldatu nahi genuen, etxe komertzialekiko mendekotasunik ez genuen eduki nahi. Etekin ekonomikoa beste bideetatik lortzea zen asmoa.

Horri buelta emateko, solidaritatean oinarrituta ekimena egin genuen, Gure Zozketa. Kataluniako loterian du jatorria ekimenak, etekina Kataluniako hezkuntzara bideratzen baitute. Euskal Herrian loteria euskalduna sortu nahi genuen, izaera nazionalekoa, etekina Ikastoletarako izango zena. Euskal loteriaren hastapena izan zitekeen ekimenaren hasi nahi genuen.

Zer nolako harrera izan du?

Saizar: Aurtengo edizioak mezua zabaltzeko balio izan du. Mezu garbia ematen, dirua nora bideratuko zen jakitean, jendeak bat egin du ekimenarekin. Potentzialtasun handia dauka, etekin ekonomikoaren zati handiena honela lortuko baitugu. Bultzatu egin beharko litzatekeen ekimena da, guztia salduz gero 500 mila lortzen baitira.

Aurten ere egingo dute...

Etxabe: Autofinantziazio bidea da, gauzak antolatzeko behar duzun dirua hortik lortu baitezakezu. Gainera, diru sarrerak jaisten ari dira –txosnetako kontsumoa, sarrerako borondatea, arropa salmenta...– eta bide berri honek fruituak eman ditzake. Gabonetan saltzen hasi nahi genuen, baina ezinezkoa izan zen. Aurten jada salgai daude.

Zer dela eta Gure Zozketa izena?

Saizar: Euskal loteria izena jartzea gustatuko litzaiguke, baina proiektu berria izanda, espainiar gobernuak trabak jartzeko beldur ginen. Gure hitzarekin ulertzen da Euskal Herriaz ari garela.

Eta, behin festa atzean utzita, zein dira aurrera begira dituzuen erronkak?

Etxabe: Ikastolak duela bi urteko plan estrategikoaren bidea jarraitu nahi ditu. Hezkuntza proiektua hobetu nahi du, ausartak izan eta berrikuntzak egin. Oinarrietako auzolana eta elkarlana indartu nahi ditu; eta, bide horretan, beti kontuan izango du herritik eta herriarentzat jaio zela.

Saizar: Kilometroak festaren antolakuntzan golpe bat jo dugulakoan nago. Kontsumoan horrenbeste oinarritzen ez den festa jasangarria izan behar du. Sorrerako balioetara itzuli behar du; ibilbidean, euskaran eta euskal kulturan jarri behar du fokua. Guneek lotura gehiago izan dezatela euskal kulturarekin eta gutxiago izen komertzialekin.

Gazteak festara erakarri nahi baditugu, izan dadila beste motibazio batzuengatik. Izan ere, gazteak aktibatzen dituen gauza bakarra ez da alkohola. Jartzen zaien eskaintza izan dadila euskal kulturakoa eta euskaraz, izan dadila erakargarria.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!