Beldurrezko astea

GarbiƱe Manterola 2014ko abe. 29a, 10:21

Zazpi mikroistorio bildu ditut denbora gutxian: Ostirala, sanikolasen bezpera. Adarjotzaileak lanean hasi aurretik parean dudan hamaika urteko neska kozkorra galdezka hasi zait. Bakarrik bizi zara? Eta ez al dizu beldurrik ematen?. Eta nik: Zeri beldurra? Zergatik?. Begiak handituta jarraitu du niri begira.

Larunbata, San Nikolas eguna. Goizeko ordu txikitan etxerako bidean naiz; bizikletaz, hotzak amorratzen. Etxerako berrehun metro eskas falta zaizkidanean, bat-batean, rotweiler bat atera zait bidera. Inguruan jaberik ez eta zakur puska niri begira-begira paratu da, errepide erdian. Spageti-western bateko duelua. Bufanda eta txapelaren erditik ozta-ozta ikusiko ditu txakurrak nire begiak. Bazterrera joan eta alde egin du. Ia jo dut, bete-betean, garajeko atea.

Igandea, San Nikolas bigarrena. Gurasoenera iritsi eta arrapaladan hasi naiz bezperakoa kontatzen. Parean bi begi handi. Nere kontakizuna bukatu eta: Berriz!. Grazia egin dio ipuinak ilobari. Txakur beltz eta mutur zikinaren, eta ziklista beldurtiaren ipuina zortzi bat bider kontatu diot, postrea iristerako. Noiz, nork eraikitzen ditu gure beldurrak?

Astelehena, festen akabera. Lagunak jo eta ma utzi nau. Bere lagunartean bada bortxatua izan den neska bat, bada bortxaketa saiakera jasan duen bigarren bat ere. Hemen, Euskal Herri honetan. Baina, hemen ez dira horrelakoak gertatzen, ala?

Asteartea, biharamun handia. Susaeta editorialetik astebeteren buruan jaso dut bidalitako mezuaren erantzuna. Jende dezentek egin bezala, nik ere bidali nien hiru liburu —Neskentzako errezeta errazak, Neskentzako ipuinaketa Mutilentzako ipuinak— merkatutik erretiratzeko eskaera. Editorearen arabera, ama eta amona direnek erosten omen dituzte printzesen ipuin-sortak, beraien alaba eta biloba neskentzat. Esan gabe doa, neskak esanekoak eta zintzoak dira. Mutilak, berriz, ausartak eta indartsuak. Batzuk salbatzaile izateko, besteak noiz nork salbatuko zain egoteko jaiotzen ote gara?

Asteazkena. Ondarroako kaleetan dagoen mural baten erretratua Interneten: Beste behin guapa diar eñ eta ostikari emongotzut ahuan. Osteguna. Sanikolasak bukatu eta jolas katalogoak postontzian. Nazka, kezka, izua. Beldurrezkoa, astea bakarrik balitz...

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!