Askatu ditzagun kaiolako txoriak

Lore Berasaluze 2014ko aza. 28a, 12:27

Ederra parajeak, alajaina! Goitik, behetik, ezkerretik ala eskuinetik begiratu, ikuspegi ederra dute mendiek; usain gozoa belar eta loreek; kolore bero eta hotzen kontraste ikusgarria hostoek; askatasun ukitua haize freskoaren bultzadak.

Lagunen konpainia, adiskideen arteko jolasak, kantuak… Hau irakurrita, Heidiren mendietan murgilduta izango da irakurleren bat baino gehiago, aitonaren etxola alboan, Pello eta Elurtxo noiz etorriko zain.
Kaiolako txoriari, ordea, alper alperrik zaizkio ikuspegiok.

Leiho albora etorriko zaio txantxangorriren bat eta bere bidai ederrak kontatuko dizkio: hango eta hemengo erreketan hartu duela bainua; luma ederdun txepetxa ezagutu duela eta elkarrekin habia egitekotan direla: gaztetan elkarrekin bisitatzen zuten zuhaitza behera bota dutela eta haren ordez, giza etxe bat altxa dutela; itsusia dela, baina hotz egiten duenean, teilatupean goxo egoten dela… eta kaiolakoak ezin irudikatu lagunak esandakoa, baina gustura dago, gutxienez, laguna etorri zaiolako eta norekin hitz egin baduelako.

Biharamunean ez zaio inor etorri. Haizea firin-faran dabil eta hegaldiak arriskutsuak izaten dira egun horietan.  Bitartean, bolada horiek mendi usaina ekarriko ote dioten pentsatzeari ekin dio. Dena den, badaki esperantza faltsuak direla. Badaki baita ere, bihar ez bada etzi, beste lagunen bat etorriko zaiola kontuak egitera.

Txori gaixoa! Utz dezatela libre! Joan dadila hegan mendi tontor batetik bestera! Bizi ditzala bere abentura propioak! Halakorik merezi ez duena zigortzeko abilidadea badugu gizakiok, kontxo! Pirritx, Porrotx eta Marimototsek horrenbeste maite dituzten hauts majikoak hartu –patrikatik, txilborretik…– eta eska diezaiogun dagokionari txoritxoa askatzeko.

Eta txoria izan ordez, gizakia denean? Eskaria aldatuko al duzu?

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!