Eskerrik asko, ez ahaztu

Jakes Goikoetxea 2014ko urr. 29a, 14:09


E Egunkaria. Euskaraz. Bakarra. Ezinbestekoa. Estrategikoa. Militantzia. Profesionaltasuna. Kalitatea. Txikia. Handia. Ezezaguna.

S Sarekada. Operazioa. Erasoa. Gauez. Azpikeriaz. Estatuaren terrorearen antzezpena. Ustekabea. Izpi infragorriak buruan. Izua. Umiliazioa. Indefentsioa. Euskal Herrian amesgaiztoek kolore berdea dute maizegi.

K Kemena. Langileena. Egunero. Malkoak xukatzeko denborarik gabe, Egunkariak segida izan zuen. Jota. Beldurtuta. Kezkatuta. Itxia, baina ez isildua. Harro.

E Erantzuna. Elkartasuna. Etxean. Kalean. Bakarka. Taldean. Amorruak mundu bat bildu zuen Donostian. Eskerrik asko.

R Erreakzioak. Salaketa. Gehienak beroak; batzuk epeletik behera; eta baten bat oso hotz: onartezina, koldarra, zitala eta zikina izan zen Miren Azkaratek Eguneron argitaratutako iritzia.

R Erantzuleak. Jose Maria Aznar, Angel Acebes, Mariano Rajoy —lehendakariorde zen—, Juan del Olmo, Guardia Zibila... Operazioak bultzada politikoa izan zuen. Nola bestela?

I Inkomunikazioa. Izua. Inpunitatea. Torturak. Martxelo Otamendi Soto del Realgo espetxetik atera berritan, telefonoaren beste aldean, hitz egin ezinik.

K Katalunia. Egunkaria Katalunian argitaratu balitz bezala erantzun zuten. Gauza bera egingo al genuke guk Kataluniako komunikabide bat itxiko balute? Orain agian bai; lehen ziurrenik ez. Gràcies.

A Auzi ekonomikoa. Eskandalua. Itxiera zuritzeko azken heldulekua.

S Sostengua. Sosak. Egunkaria herritik jaio zen, eta baita haren ordezkoa, Berria, ere. Crowdfundinga asmatzerako ondo genekien zer zen auzolana, elkartasuna eta musu-truk lan egitea.

K Kaltea. Neurtezina. Konponezina. Auzipetuena, senideena, lagunena, langile ohiena, irakurleena, euskararena, demokraziarena, justiziarena...

O Ordaina. Ez dago kalte ordainik egindako kaltea berdinduko edo arinduko duenik. Era berean, ez dago ordainik jasotako elkartasunaren zorra kitatuko duenik. Eskerrik asko. Maite zaituztegu. Behar zaituztegu.

E Euskal Herria. Egunkaria’ nazionala zen. Joxe Azurmendik esana: Egunkariak horrela —zuri eta niri— herri bat ematen digu, bestela edonon ukatuta daukagun herri hori. Bainazela, esaten dit egunero. Esaten dizu.

Z Zintzotasuna. Independentzia. ‘Egunkaria’ objektiboa al zen? Ez. Subjektiboa, baina zintzoa.

A Auzipetuak. Bidegabekeriaren eta duintasunaren sinbolo.

H Hildakoak. Bidegabekeriaren urte luzeetan joan dira Luis Goia, Inma Gomila, Joxean Lizarribar eta Martin Ugalde.

A Auzitegiak. Guardia Zibilaren eta haren gehiegikerien konplize. Tresna. Auzia amaitu da, baina injustizia ez.

Z Zauriak. Kostako zaie orbantzen. Xalotasuna galdu genuen.

T Testigantza. Memoria. Errelatoa. Memoria. Egunkaria auziak izan behar du errelatoaren parte. Ez ahazteko modukoa da. Ez da ahaztu behar.

U Urdina. Gure historiako eta bizitzetako unerik beltzenetakoaren kolorea; baina baita bidegabekeriari emandako erantzunarena ere. Kamiseta soil batek guztia biltzen du: Egunkaria aurrera!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!