Estropada olinpikoak, berriz, bizia hartuko du

Karkara 2015ko urt. 9a, 10:49

Orioko ordezkariak Londresen izan ziren, Cambridge eta Molesey arraun elkarteetan.

1968an jendetza bildu zen Orion. Errioaren bueltan, milaka arraunzale. Bandera horiak airean astintzen. Balkoiak bandera espainolez josiak.  Lehen aldiz, urte horretan, Aulki Mugikorreko Nazioarteko Estropada jokatu zen Orion.

Erronka handiak oihartzuna izatea lortu zuen, bai Espainian, bai mundu mailan. Garai hartako Espainiako telebista katean, As egunkarian eta La Voz de Españan publizitatea egin zitzaion estropadari. Festa eta kirola izan zen nagusi herrian.

1965ean sortu zen Orio Arraunketa Elkarteak aulki mugikorraren aldeko apustua egin zuen, tradizioa galdu gabe, olinpismorantz joateko. Munduari euskaldunek arraunean zuten abilezia erakutsi nahi zioten. Eta munduko hainbat txokotatik etorri ziren Oria ibaian arraun egitera; Cambridge eta Oxfordetik, esaterako.

1968an antolatu zen lehen aldiz eta 2009an azkenekoz. Aurten, 2015 urtean, berriz heldu diote erronkari OAE 50. urteurrena dela eta. Estropada hori berreskuratzeko gogo berezia zuten elkarteko kideek, eta, zorionez, 16. edizioa izango da aurtengoa.

Orioko Arraun Elkartearen asmoa apirilaren 4an festa itzela antolatzea da, eta, berriz ere, mundu mailan punta-puntakoak diren arraun klubak ekartzea. Horretarako joan ziren Orioko ordezkariak Londresera, harremanak egin eta estropadarako taldeak lortzea. Eta, helburua beteta itzuli ziren, Cambridge eta Molesey Orion izango baitira.

1969ko estropadak: Orio, Oxford eta Cambridge

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!