Asteburuan bi estropada

Karkara 2015ko urt. 16a, 07:30
Argazkia: Joxeju Olasagasti

Larunbatean Euskadiko Ibilbide Luzeko estropada jokatuko da eta Gipuzkoako Batel Ligako lehen zita izango da igandean

Asteburuan bi zita garrantzitsu ditu Orioko Arraun Klubak. Larunbatean Euskadiko Ibilbide Luzeko Txapelketa jokatuko da, 12:00etan; eta, igandean, Gipuzkoako Batel Ligako lehen estropada izango da, 12:30ean.

57 ontzietatik, 11 Oriokoak

Euskadiko Ibilbide Luzeko Aulki Mugikorreko Txapelketa izango da larunbatean. Mapil parean hasiko dira batzuk arraunean, Saikolan beste batzuk. Mapiletik jubenilak eta absolutuak hasiko dira eta 6.000 metroko ibilbidea egin beharko dute; kadeteak, berriz, Saikolatik, eta 4.000 metro egin beharko dituzte. Dena den, guztiek helmuga bera izango dute Orion. Hortaz, Usurbileko lurretan hasiko da lehia eta Orion amaituko da.

15 elkartek hartuko dute parte, eta guztira 57 ontzi lehiatuko dira. Ontzi horietatik guztietatik, 11 Oriokoak izango dira. OAEz gain, ondorengo elkarteek hartuko dute parte: Kaiku, Getxo, Arkote, Santurtzi, Raspas, Deustu, Zierbena, Santiagotarrak, Zarautz, Donostia, Ur Kirolak, San Juan, Hondarribia eta Nautico Navarra.

Gipuzkoako Batel Liga hastear

Estakari helduta daude jada patroiak. Prest. Gogoz. 2015 Denboraldiari hasiera emango die igande honetan, Loiola auzoan. Orio Arraun Elkarteak 14 batel aurkeztuko ditu Gipuzkoako Ligara, 80 kirolari inguru guztira.

Donostiako Loiola auzoan izango da estropada, Urumeako uretan. Eguerdiko 12:30ean hasiko da eta hainbat kategoriek hartuko dute parte, infantiletatik hasi eta jubeniletaraino.

Guztira, elkarteko 120 arraunlari izango dira asteburuan arraunean. Horrez gain, Euskadiko Fondo Txapelketaren antolakuntzan ere parte hartuko dute OAEko kideek.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!