Orioko Curriculuma besteentzat eredugarri

Karkara 2015ko urt. 28a, 09:20

Orioko Curriculuma Sortzen taldea Gipuzkoako hainbat herritan egon da, baita legebiltzarrean ere. Bitartean, txostenak ikastetxeetan egon dira, irakasleek baloratu zitzaten.

Orioko Curriculuma Sortzen proiektu pilotua da, erreferentziarik eduki ez duena, baina erreferente bilakatu dena. Interesa ari da pizten herri curriculumak sortzen hasteko. Legebiltzarrean, Oñatin, Durangon, Hernanin eta Aramaion izan dira, oraingoz.

Herritik eta herriarentzat sortutako curriculuma da. Metodologia parte hartzaileak balio erantsia ematen dio, eta berezitasun horrek bereizten du beste ereduetatik. Hori da, bereziki, gainontzeko herrietan azpimarratu eta goraipatu dutena.

Oñatin eta Aramaion, esaterako, hausnarketa prozesua abiatuta zuten; hausnartu dute hezkuntza ereduaren inguruan eta adostu dute dagoenarekin ez dutela konformatu nahi. Baina, zer da nahi dutena? Galdera hori erantzuna bilatzen lagundu die Orioko Curriculuma Sortzen taldearen hitzaldiak, bidea nola egin duten azaltzea bidean aurrera egiteko laguntza baita.

Oinarrizko dokumentuak ikastetxeetan

Orioko Curriculuma Sortzen taldekoak Gipuzkoako hainbat herritan egon dira, eta, bien bitartean, curriculumaren txostena ikastetxeetan egon da. Lehen hiruhilekoan izan dute txostena bai Zaragueta Herri Eskolan, bai Orioko Herri Ikastolan.

Gaika oinarrizko dokumentuak aztertu eta baloratu dituzte irakasleek. Oro har, interesgarria iruditu zaie Orioko Curriculuma osatzea. Iraganean familiaren eginkizuna zen gizarteratzea eta sozializatzea; baina, orain, betebehar hori berena dela azpimarratu dute. Ikastetxeen egitekoa da haurrek ikuspegi globalarekin beren ingurua ezagutzea.

Konpetentzien gainean eraikitzen den curriculumak eduki eta kontzeptuetan desorekak dituela irizten diote. Euskararen arloak zehaztapen gehiago behar du, alde batetik; bestetik, natur eta gizarte zientziak zehatzak dira. Arlo guztiak orekatu egin behar dira, zehaztapen maila bera izan dezaten. Bestalde, gorputz heziketa eta arteak ere curriculumean tokia izatea ondo legokeela aipatu dute.

Ikastetxeek, oro har, balorazio ona egin dute. Aplikazioari begira zalantzak azaldu dituzte, baina egingarria dela ere onartu dute. Orain, Orioko Curriculuma Sortzen taldeak edukiaren inguruko ekarpenak dokumentuetan txertatuko dituzte eta balorazioa aztertuko dute.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!