Patxi Oliden eta Mikel Agote Surfersblood film-dokumentalean

Karkara 2015ko urt. 30a, 08:12
Argazkiak: IƱigo Gaiton

Ameriketan bizi den Patrick Trefz argazkilari eta erralizadore alemaniarra Orion izan zen ostiralean, hurrengo proiekturako irudiak grabatzen.

Patrick Trefz-ek Surfersblood izeneko argazki liburua argitaratu zuen 2012.urtean. Lanak Patrickek munduan zehar surfeko argazkilari gisa ateratako argazki esanguratsuak biltzen ditu, tartean, Patxi Olideni ateratako erretratu bat –liburua promozionatzeko egin zen bideoa duzue albisteari gehituta, hor ikus daiteke Patxiren argazkia–.

Patrick harrituta geratu zen Patxik 60.hamarkadan sorturiko Itxastresnen berri izan zuenean eta Donostiako Surfilmfestibalera etorri zen batean, Oriora gerturatu zen Patxi ezagutzera. Ordukoa da liburuan agertzen den argazkia.

   

Surfers' Blood Promo from Jarod Taber on Vimeo.

Orain Surferblood liburua oinarri hartuta, izen bera izango duen film-dokumental bat grabatzen ari da eta azken bi asteak Euskal Herrian eman ditu, gure lurrei eskainiko dien atalerako txoko eta istorio ezberdinak dokumentatzen.

Lehengo ostiralean Oriora etorri zen Patxi Danbolin elkarrizketatzera eta bertaratuek kontatu digutenez, Patrick gustura geratu zen jasotako materialarekn. Goiza Patxiren tailerrean eman zuten Itxastresnen gora-beherei buruz hizketan eta Mikel Agote herritarra ere bertan izan zen, Patxirekin batera surfeko oholgintzaz hizketan.

Bazkalostean Ur-lan tailera eta Mutiozabal ontziola bisitatu zituzten, surfaz harago, Trefz-ek leku bakoitzeko ondare propioa dokumentatzen ere interes handia baitu. Azken bi lokalizazio hauek interes handia piztu zioten.

Orioko bisita amaitzeko, Itzaiz baserrian izan ziren bertako ikuiluan sagardoa egiteko duten tresneria, egurrezko barrikak, inguruko pareajeak... grabatzen.

Kuriosite moduan, dokumentalaren narrazio lanak Sean Penn aktore ezagunak egingo ditu eta bideoaren atal bat, Francis Ford Coppola zinema zuzendari, ekoizle eta gidoilari eskania izango da. –Azken informazio hau, Noticias de Gipuzkoa egunkariak argitaratu zuen lehengo astean–.

 

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!