Orioko bi bikote Gipuzkoako finalean

Karkara 2015ko ots. 2a, 13:31

Ibai Peña eta Aitor San Sebastianek irabazi zuten Orioko kanporaketa

Larunbatean jokatu zen Euskal Herriko Mus Txapelketako Orioko kanporaketa, Kolon Txikin, arratsaldeko 16:00etan. Finalera Ibai Peña eta Aitor San Sebastian, eta Luis Erkizia eta Xixario iritsi ziren. Bi bikoteen arteko lehia Ibai Peña eta Aitor San Sebastianek irabazi zuten.

Irabazi ala galdu, bi finalistek lortu zuten saria, Euskal Herriko Mus Txapelketako Gipuzkoako kanporaketara sailkatzeko txartela eskuratu baitzuten. Eta, horrez gain, parte hartzaile guztiei ardo botila bat oparitu zitzaien. Herrialdeetako kanporaketak otsailaren 20, 21 eta 22an jokatuko dira. Sari ugari izango dira kanporaketa horietan: txapelak, garaikurrak, asteburuko egonaldiak, bazkariak, afariak... Eta txapelketan koska bat gora egiteko aukera ere izango da, hau da, Euskal Herriko Mus Txapelketako final handian lehiatzeko txartela ere lortu ahal izango da.
Finala martxoaren 7an izango da, Lekeition. Eta, finalean, sari potoloak egongo dira: txapelak, garaikurrak, 3.000 euro, Kariberako bidaia lau lagunentzat, 1.500 euro, Kanariar Uharteetara bidaia bi lagunentzat, 750 euro, asteburuko egonaldia, 500 euro, euskaraz ikasteko urte osorako bi matrikula...

Ez da iazko kopurua berdindu

Iaz 26 bikotek hartu zuten parte Loretxun jokatu zen kanporaketan. Aurten ordez 22 mus jokalarik, hau da, 11 bikotek hartu dute parte. Ez da lehengo urtean bezain besteko jende animatu musean jokatzera, baina, halaber, iazko giro ona gailendu da lehiaren gainetik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!