Orio 2030

Plan Orokorra onartzeko prozeduran, herritarrak protagonista

Karkara 2015ko ots. 11a, 08:11
Argazkia: Abar Aranburu

Orio 2030 prozesuaren lehen fasean bost bilera ireki egingo dira kultur etxean, oriotarrek plan orokorraren nondik norakoak ezagutu eta ekarpenak egin ditzaten.

Nolako Orio nahi duzu hemendik hamabost urtera? Udalerriaren etorkizuna zehazteko Plan Orokorra jarri du martxan Udalak; hausnarketatik hasi eta erabakitzeko bidean herritarrak izan nahi ditu bidelagun. Herritarrekin, elkarlanean, osatu nahi dute plan orokorra, herritarren premiak asetzea baitu helburu.

Aurreko plan orokorra legealdi hasieran zintzilik gelditu zen. 2012an, aurreko plana moldatu genuen, estruktura eman eta onartu. Orioko Hiri Antolamendurako plan orokor berri baten tramitea egitea derrigorrezkoa ikusten genuen, aurrekoarekin arazo juridiko-administratiboak egon baitziren, azaldu du Beñat Solaberrieta Orioko alkateak. Hortaz, plan berria formatu zuten.

2013an formulatutako plan hori lehiaketa publiko bidez esleitu egin zen. Lan taldea osatu eta lanean hasi ziren. Planaren zuzendaritzan Mikel Iriondu abokatua, Santiago Peñalba arkitektoa eta Manu Arruabarrena arkitektoa daude; baita idazle, gainbegiratze tekniko, udal informatzaile eta beste hainbat laguntzaile. Lan talde honek aurrerapen dokumentua gauzatu du, zeina maiatza bitarte jendaurrean egongo den, ekarpenetarako zabalik.

Ekarpenak jaso nahi dituzte, horretarako plana osatzeko prozesua zeharo irekia da. Plan orokorra garatzerako, legez, parte hartze prozesuak egitera behartuta zaude. Gutxienez jendaurrean jarri eta proposamenei erantzuna eman behar zaie. Guk, hortik harago, ahalik eta sozialena egin nahi dugu. Udaletxean denen eskura jartzeaz gain, dokumentua kultur etxera eramango dugu. Han, azaldu egingo dugu, jendeak ezagutu eta iritzia eman dezan, dio Solaberrietak.

Jendaurreko lehen saioa otsailaren 17an egingo da. Planaren azalpen orokorra egingo dute orduan, aurrerapen hori aurkeztuko dute. Aurrerapena talde teknikoaren zirriborroa litzake. Orioko diagnosia egin dute, bai ekonomikoa, enpleguari begirakoa, dedikazioaren ingurukoa, antolaketa urbanistikoarena... eta ikertutako horren baitan egin daitezkeen proiektuen ideia zaparrada modukoa da. Bigarren saioa otsailaren 24an izango da eta planaren azalpen zehatzagoa egingo dute, eremuz eremu. Ondorengo hiru saioak gai konkretu bati buruzkoak izango dira: mugikortasuna, dotazioak eta espazio libreak, eta natur baliabideak eta lurzoru urbanizaezina. Behin saio horiek eginda eta ekarpenak jasota, proposamenak aurkeztu eta lehen onarpen dokumentua osatuko da. Dokumentu hori udalbatzarrean onartuko da.

Hori izango da plan orokorraren oinarria. Hortik hasiko dira plan orokorra eraikitzen. Hiru, lau urteko lana izango da, 205 mila euroko kostua duena, BEZa barne. Urte horietan guztietan zehar herriaren parte hartzea bilatuko da, fase bakoitzean herritarren ekarpenak bilduko dira. Hori da asmoa, hasiera batean behintzat.

Jendearen parte hartzeari garrantzia handia ematen dio Solaberrietak. Azkeneko dokumentua onartu egin behar da, jendearen onarpena parte hartzearen bidez lortuko da, bestela zaila ikusten dut onartzea. Arazoak ekiditeko ezinbestekoa da beren proposamenak jasotzea.

 

Erlazionatuak

Etorkizuneko Orio

Onintza Aiestaran 2015 mar 02 Iritzia

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!