Zaragueta, eskola irrizalea

Karkara 2015ko mar. 3a, 11:56

Otsailaren 27an Irrizale  Izendapen ekitaldia egin zen Albaola itsas-kultur faktorian eta Zaragueta Herri Eskolakoei Bizipoza Auzolan disko-liburua oparitu zieten.

Duela lau urte ametsa egi bihurtu zen. Irrien Lagunak Kluba sortu zen, Pirritxek bikiak izan zituenean, Pupuren eta Loreren jaiotzarekin batera. Ez Disneylandia, ez Disney Channel edo tankerakoak: Irrilandia. Eman eta jaso egiten den kluba da, haurrentzat eta familientzat lan egitetik haurrekin eta familiekin lan egitera igaro dena, euskara eta irria oinarrian eta koloretako mundua eraikitzea ardatzean dituena, tristurak eta pozak partekatzen dituena. Zertarako? Irrien lagun izateko.

Hainbat dira Irrien Lagunak Kluba babesten dutenak, eta horiei beren eskerra adierazteko Irrizale Izendapen ekitaldia antolatu zuten otsailaren 27an. Guztira 65 udal, 116 ikastetxe eta 6 enpresa dira irrizaleak, tartean Zaragueta Herri Eskola.


Albaola itsas kultur faktorian, ametsen faktoria ere badenean, izan zen ekitaldia. Iaz, Irrizale izendapenen lehen edizioan, oroigarria eman zietenez Zaraguetakoei; aurten, Bizipoza Auzolan liburua oparitu zieten. Oparia Juanjo Zubizarreta eskolako zuzendariak jaso zuen.


Kasualitatez, egun berean eta ordu berean, Zaragueta Herri Eskolakoek Albaolara egin zuten bisita. Museoa bisitatu, eraikitzen ari diren itsasontzia ikusi eta Irrien Lagunak txokoan eskulanak egin zituzten. Izan ere, Albaola museoan beren tokitxoa izango du Irrien Lagunak Klubak.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!