Korrika

Anje Duhalderen kontzertua korrika kulturalaren barruan

Kontzertua dohainik den arren, kultur etxean gonbitak hartu behar dira eta 25 bakarrik gelditzen dira.

Bizi osoa darama musikan. Ogibide horretan dihardu gaztetatik. Hainbat taldetan aritu da, elkarlanean hamaika lan argitaratu ditu, Euskal Herriko txoko guztiak ezagutu ditu; eta, datorren asteazkenean, Orion izango da, 22:30ean, kultur etxean.

Anje Duhalde 70eko hamarkadan hasi zen musika egiten. Bateria-jotzaile gisa hasi zen Fuego taldean. Gitarra jotzen eta abesten geroago hasi zen, Mixel Ducauekin batera sortutako Errobi taldean. 1973an sortu zuten taldea, Europan rock musika progresiboaren eztandaren oihartzunarekin batera. 1985ean esan zuen agur taldeak.

Errobi desegin zenean, bakarlari ibilbidea hasi zuen. Bakarlari lanean tradizioarekiko atxikimenduak pisu handiagoa hartzen joan zen, eta 1980ean Errobiaren hegitik izeneko lehen bakarkako lana argitaratu zuen. Ordutik bakarka nahiz kolaboratzen, disko mordoa atera ditu.

Datorren asteazkenean Orion bere kontzertua ikusteko aukera izango da, doan; baina kultur etxeko aforoa mugatua denez gonbidapenak aldez aurretik hartzea komeni da. Gonbitak kultur etxean bertan hartu daitezke, harreran.

Kontzertua Korrika kulturalaren barruan antolatutako ekimena da. Izan ere egun horretan bertan hasiko dira Korrika kulturaleko hainbat jarduera: kontzertua, Txurrumuski aisialdi taldeak antolatuta jolasa eta korrika txikia, besteak beste.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!