14 elkartek erosi dituzte kilometroak

Karkara 2015ko mar. 20a, 07:45

Igandean pasako da korrika Oriotik. 10 kilometroko ibilbidea du Orion eta 14 elkartek edo taldek erosi dituzte kilometroak.

Hasi da Korrika. Martxoaren 19an hasi zen Urepelen eta oriotar batzuk ere joan ziren hara, Korrikaren lehen kilometroetan korrika egitera. Etzi Oriora iritsiko da testigua, Usurbildik; eta Oriotik Zarautzera eramango dute oriotarrek.

Mapilen –Aginagan– hasiko dira lasterka oriotarrak, 14:45 inguruan. EAJk eta Toki Alai elkarteak izango dira Orioko lehen kilometroak egingo dituztenak. Testigua, hurrengo kilometroan, Intxaurretan, Bilduko ordezkariei pasako diete. Bildukoen atzetik Zaragueta Herri Eskolakoen txanda iritsiko da; Saikolan hartuko dute testigua eta Botalekuraino eramango dute. Botalekun ikastolako langileek hartuko dute testigua eta Txurrumuski aisialdi elkarteari eta Gaztelekuko kideei pasako diete Ortzaikan. Gaztetxean Herrio natur taldeak eta Goiko Kaleko festa batzordeak hartuko dute testigua. Gaztetxetik herriko plazara iritsiko dira, eta plazan, Herribil dantza-taldekoak eta Mari Maestra haurreskoak hasiko dira korrika. Horiek Orioko Herri Ikastolako kideei emango diete testigua, eta hauek, Orain plataformakoei. Frantses fabrikaren bukaeran hartuko dute Orainekoek testigua eta Xuaiko aldapako harrobian Arraunketa Elkarteari emango diete, hauek Orioko azken kilometroa, 756. kilometroa, egin dezaten.

  • 747 km: EAJ + Toki Alai elkartea. Mapilen hasita
  • 748 km: Bildu. Intxaurretan
  • 749 km: Zaragueta Herri Eskola. Saikolan
  • 750 km: Ikastolako langileak. Botalekun
  • 751 km: Txurrumuski aisialdi elkartea + Gaztelekua. Ortzaikan
  • 752 km: Herrio natur taldea + Goiko Kaleko festa batzordea. Gaztetxean
  • 753 km: Harribil dantza taldea + Mari Maestra haurreskola. Herriko plazan
  • 754 km: Orioko Herri Ikastola. Herriko plazan
  • 755 km: Orain plataforma. Frantses fabrikaren bukaeran
  • 756 km: Orioko Arraunketa Elkartea. Xuaiko aldapako harrobian.
Guztira 10 kilometro egingo dira Orioko herrian, Mapiletik hasi eta Xuai gaineraino. Herriko euskalzale guztiak igande honetan, 14:45ean hasita, korrika egitera animatu nahi ditu antolakuntzak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!