Korrika

Pasa da Korrika Oriotik...

Jabi Zabaleta 2015ko mar. 31a, 15:31

Atzerriko lagunei kontatzen diegunean zer den Korrika eta irudiak erakusten dizkiegunean, jo eta lor geratzen dira, miretsita.

Pasa da Korrika Oriotik eta emozio positiboen tsunami batek astindu gaitu berriro. Badu zerbait Korrikak gure barruak mugitzen dituena, indar teluriko bat ia, sinbologia sendo bat: eskuz esku doan lekukoa, herri bat martxan irudikatzen duen lasterketa kolektiboa, erronkei indarrak batuz erantzuten dien giza-talde alai baten indarra…

Atzerriko lagunei kontatzen diegunean zer den Korrika eta irudiak erakusten dizkiegunean, jo eta lor geratzen dira, miretsita. Harrigarri egiten zaie Europaren izkina honetan, herri txikitxo honetan, gure hizkuntzaren alde horrelako ekimen erraldoia bi urtetik behin antolatzeko dugun  gaitasuna eta indarra. Ez da, egia esan, erraz azaltzekoa.

Aurtengo Korrikak ere koloretako suge baten gisa zeharkatu ditu gure errepide eta kaleak, sigi-saga, eta inoiz baino jende gehiago bildu du Orion eta inguruetan. Zirrara sortzen dute bideo eta argazkietan jasota geratu diren irudiek. Herriz herri antolaketan laguntzen ibili garenontzat izugarri pozgarria izan da herritarren erantzuna. Ekimen gutxi dago Euskal Herrian Korrikak adinako batasuna eta adostasuna biltzen duena. Kolore guztietako herritarrek parte hartzen dute, herriz herri, eta horrexek ematen dio bizitasuna eta proiekzioa. Gurean, Udalean ordezkatuta dauden hiru talde politikoek ere parte hartu dute, gogoz, beste talde eta elkarteekin batera, eta benetan estimatzekoa da guztien jarrera eta ahalegina.

Korrikaren inguruan erakutsi dugun batasun eta adostasun hori bera lortuko bagenu gaur egun planteatzen zaizkigun bestelako erronkatan ere (Euskal Herri mailakoetan zein gertukoenetan), nork geldituko luke gure martxa? Nork egin liezaioke aurre pozik eta kantari, bat eginda, datorren herriari?

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!