Hauteskundeak

Generoa Orion

Mirari Arriola 2015ko mai. 24a, 09:45

Genero ezberdintasunak ez ditu soilik emakumeak zapaltzen, gizon zuri, heterosexual, indartsu eta boteretsu ez diren guztiak baizik.

Hauteskundeak badatoz, baita legealdiaren hausnarketa egin eta ondorengoetarako eskaerak egiteko garaia ere. Azken aldian genero gaiekin bereziki sentsibilizatua nago. Udalak martxan du Berdintasuneko I. plana, eta orain arte egin ez dudanez, udalarentzat eta herritarrontzat nire ekarpenak egin nahi nituzke, berandu izan aurretik, indarraldia amaitu baino lehen, bigarren puntuaren inguruan: balio aldaketa eta emakumeen ahalduntzea Orion.

Genero ezberdintasunak ez ditu soilik emakumeak zapaltzen, gizon zuri, heterosexual, indartsu eta boteretsu ez diren guztiak baizik; beraz, matxismoak eta patriarkatuak gizonezko asko ere kaltetzen ditu. Orion entzun izan dut matxista ez naizenez, ez naiz feminista izango, feminista izatea gizonen kontra joatea delako. Oraindik ere ez dakigu, feminismoa genero berdintasuna bilatzen duen mugimendua dela, eta eredu matxistatik aldendu nahi duen pertsona denentzat dela onuragarria. Hor, lehen erronka, inongo konplexurik gabe, garen generokoak garela ere, feminismoaren onurak zabaltzea.

Bigarren erronka, legealdi askotakoa ziurrenik: Orion arrunta pertsonak maitatzea izatea, generoari erreparatu gabe, inork armairutik atera beharrik ez izatea. Horren harira, galdera hauek otu zaizkit: homosexualek jasaten al dituzte eraso homofoboak, herrian? Aske al dira Orion homosexualak, bisexualak edo transexualak? Gizonezkoen kasuan, arraro sentitu beharrik gabe egin al dezakete, Mirotzak taldean arraun, futbitoan edo Orioko gizonen futbol taldean aritu? Eta horiek etorkinak balira?Legealdi honetan emakumeak kultur etxeko antzerkietan eta festetan oholtza gainean ikusi ditugu, besteon gozamenerako, eta kontzienteki, hala erabaki zelako. Dena den, oraindik badago egitekoa, esaterako gizonezko federatu gehiago ditugu herrian, kirol probetan gizonezko gehiago ikusten ditugu eta emakumezkoak oraindik ere, kanpotik txalotzen geratzen gara. Hirugarren erronka: emakumeok ere kaleak hartzea, txalo egitetik txalotuak izateko ekintzak sustatzea. Horiek nire lehen ekarpenak, baina amaitzeko, herritarron beharrezko parte-hartzea eskatu nahi nuke. Sortu dezagun talde eragile bat, gai honi adarretatik eutsi, eta besteak beste, duela hilabete batzuk gertatu zen eraso sexistarik berriz egongo ez dela bermatuko duena. Sor dezagun Orio berdinzalea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!