Hauteskundeak

Zaldua: "Oraingo honetan boto gehien jaso dituen alderdia izanda, alkatetza edukitzea espero dut"

Karkara 2015ko mai. 26a, 12:34

1.133 boto jasota alderdi bozkatuena izan da udal hauteskudeetan EAJ. Sei zinegotzi lortu ditu udalean eta gauzak hankaz gora jartzen ez badira hurrengo alkatea Joxe Anjel Zaldua izango da.

Zorionak

Eskerrik asko.

Igande gaua ospakizun gaua izan zen zuenean.

Eguna eta aste guztia nahiko lasai pasa nituen, ez nengoen urduri. Lana eginda geneukan eta emaitzen zain geunden. Ez nuen pentsatzen egiteko ezer falta zitzaigunik, hortaz, lasai nengoen. Arratsaldeko 20:00etan, Batzokian biltzen joan ginenean, orduan urduri jartzen hasi nintzen. 

Baina, mahaikako emaitzak iristen hasi ziren eta garaile ginen mahai guztietan. Lasaitu egin ninduen horrek. Kultur etxekoak falta zitzaizkigun, eta hango emaitzak etortzean ikusi genuen hauteskundeak irabazi genituela eta oraingo honetan alkatetza EAJrentzat izango zela.

Balorazio guztiz positiboa egiten duzu, beraz.

Gure helburua sei zinegotzi lortzea zen, eta lortu dugu. Oraingo honetan boto gehien jaso dituen alderdia izanda, alkatetza edukitzea espero dut.

Lortutako babesaren arabera, ez duzue itunik egiteko premiarik ikusten?

Orainek hauteskundeak baino lehen esan zuen bere burua bozkatuko zuela. Badakigu zer egingo duten. Bilduk zer egingo duen ez dakigu, baina, noski, guri ez gaituzte bozkatuko, ezta PSE-EEri ere. PSE-EEk zer egingo duen ez dakit. 

Guk atera ditugu bozka gehien. Ez dugu planteatu itunik egitea, ez baitugu horretarako beharrik ikusten. Baina, noski, esaten badigute beren botoa guri emango digutela, gustu guztiarekin onartuko dugu.

1.133 boto jaso dituzue aurten, 1.268 2011n. Hau da, boto kopuruan behera egin duzue.  Nola baloratzen duzue irabazi arren izandako boto jaitsiera.

Bi gai daude hor: bata, boto kopuruaren jaitsieta eta, bestea, parte hartzearen jaitsiera. Boto gehien galdu dituena Bildu izan da; galdu, beno, boto gutxiago atera ditu 2011 urtearekin alderatuta. Bilduren atzetik gu gaude boto gehien galdu dituztenen zerrendan. Bildu eta gu izan gara botoetan jaitsiera izan dugunak.

Abstentzioarekin boto gehien galtzen dituztenak alderdi bozkatuenak izaten dira, normalean. Gehien igo dena aurreko legealdian zinegotzirik ez zuen PSE-EE izan da. Normalak iruditzen zaizkit datuak. Ea hurrengoan jende gehiago animatzen den bozkatzera, eta orduan ikusiko dugu botoak gure alderdira etortzen diren ala besteetara joaten diren.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!