Hauteskundeak

Emeterio Iribar: "Bosten itxaropena genuen eta laurekin gelditu gara"

Karkara 2015ko mai. 27a, 09:11

Duela lau urteko emaitzak ezin izan ditu errepikatu EH Bilduk. Gipuzkoan botoen beherakada nabarmena izateaz gain, Orion ere botoak galdu dituzte. 2019a bitarte lau zinegotzi izango ditu udalean.

Espero zenuten emaitza hori?

Hobea espero genuen. Bost zinegotzi lortu nahi genituen, horra iritsi, baina zinegotzi baten faltan gelditu gara.

Aurrekoan ere bozkatuena EAJ izan zen. 6 zinegotzi lortu zituzten lehen, baita orain ere. Zuek, ordea, zinegotzi bat galdu duzue...

Guk bosten itxaropena genuen eta laurekin gelditu gara. Espero genuena ez dugu lortu. Taldean gelditu garen lauok talde kohesionatua osatzen dugu. Gobernuan ez gara egongo, baina proportziorako talde txukuna izango gara. 

Gobernuan ez zaretela egongo diozue. Ez duzue itunik egitea pentsatu?

Hasiera batean, dagokiguna, oposizioan egotea da. Ikusiko dugu. Oraindik balorazioa egiteko ez gara bildu, baina, behintzat, hasiera batean, laurekin, gobernuan EAJri egotea tokatzen zaio.

Boto galera horren zergatia zein izan dela uste duzue? Zergatik zuek botoetan behera eta zuen alde egin zuen Orainek gora?

Gipuzkoan joera orokorra egon da, behera egitearena. Joera hori Orion ere nozitu da. Eta, egia da, alkatetza eramateak ere, ardura osoarekin, bere desgastea izan du. Kanpainan, akaso, ez dugu asmatu behar bezela transmititzen gure egitasmoen berri. 

Oso sakon baloratu gabe, botoen galeraren giltzak horiek lirateke: Gipuzkoan ikusi den joera eta gobernuan egotearen desgasteak taldearen mugak agerian utzi dituela.

Beste zerbait gehitzeko?

Zoriondu EAJri. Eta, bestetik, kiroltasunez hartzen ditugula emaitza hauek; herriaren hitza da eta, errespetu osoz, lanerako gogo berberarekin jarraituko dugu herriari begira lanean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!