Talentu asko metro karratu gutxitan

Jon Garate 2015ko eka. 3a, 16:10

 Iñake Irastorzak, Ana Elordik eta Ramon Agirrek antzeztu zuten maiatzaren 8an Orioko Kultur Etxean.

Maiatzaren 8an 100 metro karratu izeneko komediaz gozatzeko aukera izan genuen Orion. Kultur etxea osorik bete zen. Eskarmentu handiko hiru aktore ezagun aritu ziren oholtza gainean: Iñake Irastorza, Ana Elordi eta Ramon Agirre.

Sarak –Elordi– etxe bat erosi du. Baina baldintza batekin: Lola –Irastorza–, 65 urteko emakumea eta etxearen jabea, bertan biziko da hil arte. Horrela hasten da bi protagonisten arteko istorioa. Horiez gain, Dioni –Agirre– izeneko pertsonaia bitxia ere agertuko da ikuskizunean zehar ikusleari une atseginak pasarazteko. A

ntzezlana freskoa, dibertigarria eta arina da. Gustura ikusten den horietakoa. Ordu eta erdi inguru iraun zuen ikuskizunak, baina ziztu bizian pasa zen denbora. Denetarik duen trama da. Barre eginarazteaz gain, ikusleari bestelako sentimenduak eta hausnarketak ere sortarazten dizkio.

Gainera, Irastorza oriotarra izanda, ikusleok ahulezia berezia genuen berarekin. Guztiok adi-adi geunden berak zer egingo. Horrek beste puxtarri bat gehitu zion antzezlanari.

Ea horrelako gehiago ekartzen ditugun herrira!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!