Orioko Curriculuma sarean egongo da

Karkara 2015ko eka. 19a, 14:19

Ekainaren 12an, ostiralean, aurkeztu zuten bost urteko lanaren emaitza: aurrerantzean sarean izango da Orioko Curriculuma

Duela bost urte hasi zuen ibilbidea Orioko Curriculuma Sortzen elkarteak, nolako emaitza izango zuen –edo emaitzarik izango ote zuen– jakin gabe. Bost urteko ibilbide horren ondoren, tarteko helmuga batera iritsi direla esan zuen Ruben Iglesiasek ekainaren 12an Kultur Etxean egin zuten aurkezpenean, ortzemuga oraindik ez dugulako hartu.

Modu kolektiboan egindako proiektua izango zela argi zuten hasieran, herritarrekin egindakoa. Izan ere, Iglesiasek zioen bezala, herritarrak dira hezkuntzaren ardura hartu behar dutenak.

Azken ikasturteko lana

Azken ikasturtean egindako lana azaldu zuten Iñigo Gaiton eta Ainhoa Zumetak. Iaz osatutako txostenak prozesu parte-hartzailetik pasa dituzte aurten. Gaitonen esanetan, garrantzitsua da prozesu parte-hartzaile hori zergatik egin dugun azaltzea, emaitzak adina garrantzia baitauka prozesuak berak.

Iaz egindako ekitaldian bi ikastetxeetako zuzendariak oholtza gainera eraman zituztela gogorarazi zuen Zumetak, eta proposamen bat luzatu zitzaien orduan: iaz eginiko Curriculum hura –adituekin eta arituekin osatutako lau arlo horiek– ikastetxeetan lantzea, ezagutzea eta balorazio bat egitea. Amaitzen ari den ikasturteko lehen hiruhilekoan ikastetxeetan egon ziren txostenak eta hainbat ondorio atera dituzte:

Ikastetxeekin izandako harremanaz gain, herritarrekin jarduera zuzenak ere egin dituzte; jendearen parte-hartzea, berekin kontaktu zuzena bilatzen zuten. Horretarako, Curriculumak lantzen duen lau arloekin jarduera bana egin zuten herritarrekin: Agurainera Korrikara joan ziren euskararen arloa lantzeko, Orioko historiari buruzko gosari tertulia egin zuten historia lantzeko, herriko txoko naturalak

Orioko Curriculuma sarean

Hasiera batean DVD formatuan egin nahi zuten, idatzizko eta ikus-entzunezko materialak jasoko zituen formatuan. Baina lan bat argitaratzeak zerbait itxia eta zurruna egitea dakar, aldaketak eta hobekuntzak sartzeko aukera kentzen du. Hori taldeak defendatzen duenarekin bat ez datorrela esan zuen Gaitonek.

Curriculumaren dinamismoarekin koherente izateko euskarri egokiena internet zela erabaki zuten. Orioko Udalaren webgunean egin zaio tokia eta emaitza erabilgarri eta oso aldagarria sortu dute.

Orio.eus atarian, Orio atalean aurkitzen da Curriculuma. Sarrera moduan, Maialen Sarasuak duela bi urte eginiko aurkezpena bideoa dago, eta azpian Curriculumak landu dituen lau arloak: giza eta gizarte zientziak, euskara, natur eta osasun zientziak eta musika hezkuntza. Webgunea dinamikoa denez, ikastetxeetan proposatutako beste arloak lantzen direnean txertatzeko aukera ematen du.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!