LOMCErik ez

Ana G. de Txabarri 2015ko uzt. 1a, 15:46

Gure curriculuma da, eskolaren egitekoa zein den denon artean aukeratu dugulako eta nolako eskola nahi dugun erabaki.

Eskola frankistan ikasi nuen nik, txikitan, zuetako askok bezala. Ikasteko buru ona eta azkarra izanda, lana antolatzen abila… sistemara ongi moldatu eta aurrera egiten zuten gutxi batzuk: bidean, ordea, ikasle mordoa geratzen zen ikasteko aukerarik gabe oso gazte. Agintekeriaren eta hierarkiaren alde egiten zuen gizartearen ispilu zen eskola hura, lehiazale eta elitista, eta bizkorrenari bakarrik ematen zion gora egiteko aukera.

Ikaslea moldatu behar zen eskolara, orduan; orain, ordea, ikaslea du ardatz eskolak eta haren zerbitzura jartzen saiatzen da. Eskolaren egiteko nagusia ikasleari bere bideaegiten erakustea da, gaur egun, horretarako, bakoitzaren behar eta erritmoetara egokituz, ikasleari dituen mugak gainditzen laguntzen dio. Lehengoa ez bezelakoa nahi dugulako gizartea, oso bestelako balioak behar ditu eskolak ere: berdinasunean oinarrituta, askotakoa izan eta guztientzat zabalik dagoena, elkartasun eta lagun giroa bultzatuko duena, errespetoa… Aian eta Orion, bi eskola publikoak, Lardizabal eta Zaragueta, Ikastola eta Kimabe elkarteak sortutako Zingirako eskola, bakoitza bere ezaugarriekin, horren eredu dira.

Kezka eta nahi horien ondorio da Orioko Curriculuma ere. Munduan kokatzeko, mundua ulertzeko eta mundu hori interpretatzeko, bizitzan autonomiaz moldatzeko ikasleak zein tresnak eta baliabideak behar dituen zehazteko ahalegina egin da; etxetik abiatuta, gainera: Oriotik, Euskal Herritik, euskaratik… Gure curriculuma da, eskolaren egitekoa zein den denon artean aukeratu dugulako eta nolako eskola nahi dugun erabaki.
Goitik datorkigunak, berdin da LOMCE izena edo Heziberri jartzen badiote ere, antza handiago du txikitako eskola eredu zaharkitu harekin egin nahi dugunarekin baino.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!