Nahi dudalako behar dut

Lore Berasaluze 2015ko uzt. 1a, 15:29

Denetik daukagu. Gerra garaiako bizipenak ezin uxaturik, Goserik pasa gabekoak zarete! esan izan digute askotan. Edo Txatxuolioa,  muzin egingo genitxonan ba guk platerekoari! Jantzan hori gero! ere bai tarteka. Eta erdizka bada ere, egia izan.

Beste buelta bat ere badu gainera egoerak: denetik izan duenak nola erakutsiko dio ondorengoari gutxirekin konformatzen? Buruari hazka eginda ere ez zaizkit ideia asko etortzen niri behinik behin. Ama, hau nahi dut. Eta ezetz esandakoan, ba, beste hori orduan ama, azkenaldian ez didazu eta ezer erosten.

Gauzak ahalik eta argien azaltzearen aldekoa naiz ni –saiakera egin behar ba gutxienez-, baina aitortzen hasita, zer erantzun ez dakidala geratu izan naiz maiz etxeko txikien galderen aurrean.  Etikatik abiatuta, gehiegi izatean duguna ez estimatzera kondenatuta gaudela eta neurrian izateak, aldiz, guztientzako adina egotea ekar dezakeela esaten diet. Matematika alorrera pasatzen banaiz, soldata batekin osatutako ekuazioak ez duela eskatutako jostailua emaitzatzat onartzen esan izan diet.

Eta horretan ari naizela, inguruko hipermerkatu baten publizitateak jo eta ma laga nau. Gehiago nahi duzu beti esaten dio gizonezkoak emakumezkoari. Jakina ba, etor zaitez –hona– erostera, denetik daukagu eta! Adio, nire argumentu guztiei. Ezin erantzun horri.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!