Arrauna 2015

Oriotar arraunzaleak Tribu horia direla azaltzen duen dokumentala

Karkara 2015ko ira. 21a, 12:47

Gaur, astelehenarekin, Urtzi Garmendia eta bere lantaldeak ekoiztutako Tribu horia dokumentala emitituko dute ETB1en, gaueko 22:25ean.

Tribu horia. Honela titulatu dute Urtzi Garmendia eta beren lan taldeak Orio Arraunketa Elkartearen inguruko dokumentala. Gaur emitituko da, 22:25ean, ETB1en. Dokumentala zifretatik harago doa, sentimenduetatik kontatuko du oriotarra izatearen sentimendua zein den, nolakoa den.

Gaurko dokumentalak ez du Orioko Arraunketa Elkarteak zenbat trofeo edo bandera dituen kontatuko, argitzen du Urtzi Garmendiak. Beste ikuspuntu batetik abiatu gara, sentimendutik. Berezia baita arrauna nola bizi den Orion, oriotarrek nola sentitzen duten arrauna. Hortaz, berezitasun horri eutsi nahi izan diote. Guk konparaketa bat egiten dugu beti, eta barkatu diezagutela Realzaleek. Baina, Oriok Athleticek pizten duen sentimendu antzekoa sortzen du.

50 urte hauetako ibilbidea azalduko du dokumentalak. Horretarako, argazki zaharrak eta irudi historikoak erabili dituzte. Antonio Camposekin eta Patxi Sarasuarekin harreman estua izan dute, berak lagundu baitie historian zehar bidaiatzen. Horrez gain, Benito Lertxundi, Migel Angel Lizarralde Altxerri, Juan Angel Garmendia Xarpas, Jose Mari Olasagasti, Jose Luis Korta, Eder Etxeberria, Nadeth Agirre, Irakoitz Etxeberria, Igor Makazaga, Ibon Urbieta eta Unai Manterola elkarrizketatu dituzte. Testigantza horiekin osatu dute dokumentala.

Emilia Irurek ere paper garrantzitsua du dokumentalean, umorea jarri baitio ikus-entzunezkoari. Halaber, jende asko eta asko gelditu da bidean, eta horiei barkamena eskatu nahi izan die Garmendia. Ordu betean guztiek tokia izatea ez da erraza, baina aipatutakoez gain Peter Karres elkarrizketatzeko aukera ere izan zuten. Bera izan zen Albert Mainelarekin batera Oriora iraultza ekarri zuena.

Garmendia ongi ezagutzen dutenek badakite ez dela arraunean oriotartasuna odolean daraman horietakoa. Baina, hala ere, dokumentala egitearen ideia Garmendiak izan zuen, sentimendu pertsonalak alde batera utzita, Orio arraunak duen garrantzia ukaezina baita. Eta, dokumentala grabatu ostean, oriotartasunarekin bakeak egiten hasi da Garmendia, eta hunkitu ere egin dela. Oriotarrok arrauna odolean daramagula frogatu dut dokumentala egitean, eta, modu batera edo bestela, hori azkenean azaleratu egiten da.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!