Arrauna 2015

Harrobia: gaurko lanketa, biharko arraunketa

Karkara 2015ko ira. 24a, 12:40

Epe-laburreko onurak ekarri ditu harrobian fokua jartzeak, horren erakusle lortutako 16 bandera eta 18
dominak. Baina harrobiarekin lan egiteak epe-luzera ekartzen ditu etekin handienak.

Harrobiko gazteek traineruaren tostak osatzea da Orio Arraun Elkartearen helburua; baina arrauna eta lehia elkar lotuta doazenez, harrobiko arraunlariek ametsa bete dezaten kanpotarrek adinako maila eman behar dute.Izan ere, arraunzale den oriotar arraunlari guztien ametsa traineruan txokoa izatea da eta horretarako aritzen dira buru belarri lanean, jo eta su. Gazte-gaztetatik. Heldutan ametsa betetzeko. Baina beti ezin desioa egi bihurtu.

Traineruko tostak garesti daude. Mirotzetako bat izateko maila altua behar da. Baina duela bost urtetatik tinko ari dira lanean, harrobian fokua jarrita, etorkizunean lehen taldeko tostartean arraun egiteko moduko maila duten arraunlariak hazten eta hezten. Gerora, oriotarrek osatutako Txiki eta San Nikolas ontzietako kide izateko.

Errotik aldatu, ondo sustraitzeko

Arraunaren habia da Orio, eta Orioko arraunlarien kabia Orio Arraunketa Elkartea. Baina harrobia ahaztu nahi ez zuten arren, ez zituzten behar adina mimatzen etxeko txikiak. Taldearen babesa zuten, baina ez ziren guztiz babestuak sentitzen. Hortaz, urteetan inkontzienteki egindakoa errotik aldatzea erabaki zuten.

Duela bost urte, 2010 urtean, 180ºko bira eman zuen Orio Arraunketa Elkarteak.  Diru partida handiagoa bideratu zen harrobira. Izan ere, diruak baliabideak izatea dakar, eta baliabideak izateak lana egokiago egin ahal izatea.

Ordutik gazteenekin lana gogor egin dute. Ahalegindu dira haurrak arrauna probatzera animatzen eta behin probatuta, arrauna izan dadin beren kirol hautua. Arraunak lotu egiten duela diote arraunlari guztiek, lotura estua sortzen dela arraunaren eta arraunlariaren artean. Loturak hamaika, baina lotuta arraunlari gutxi sentitzen dira. Eta, badirudi, zifrek hori islatzen dutela.

148 batel

Sekula izan ez dituzten zenbakiak lortu dituzte 2014-2015 denboraldian. Inoizko daturik onenak izan dituzte. Guztira 148 haur aritu dira elastiko horia jarrita herriko taldea defendatzen. Lehian aritu daitezkeenak infantiletatik gorakoak dira; kimuek arraunean egin dezakete baina ezin dute federatu.

Euskal Autonomia Erkidegoko –EAE– arraun federazioaren arautegiak ez die baimentzen txikiagoei arraun egitera. Estatuko gainontzeko probintzietan, aldiz, legalak diren arraun txapelketak egiten dira. Oriok Batel Ligako txapelketa bakoitzean 13 batel inguru aurkeztu ditu. Gipuzkoako Batel Txapelketako jardunaldietan, batez beste, bost batel uretaratu zituzten. Euskadiko Txapelketan, asteburu batean bi eta bestean hiru; eta, Espainiako txapelketan, sailkapenetan bi eta finalean bat. Guztira 148 batel uretaratzeak, 1036 lagun arraunaren bueltan mugitzea ekarri du; ez arraunlariak bakarrik, baita entrenatzaileak eta laguntzaileak.

16 bandera 20 jardunalditan

Inoiz ez da horrenbeste bandera lortu bateletan. Denboraldi honetan 16  lortu dituzte guztira, 20 estropadetan. Baina banderaz aparte, beste hainbat sari ere eskuratu dituzte, 35 denera:14 urrezko eta hiru brontzezko domina lortu dituzte harrobikoek. Eta, horiez guztiez gain, bi trofeo ere ekarri dituzte.

Garaipen horien artean daude Gipuzkoako lau liga, Gipuzkoako sei, Euskadiko hiru eta Espainiako txapelketa bat eta Loiolako bi bandera.  Eta podiumeko koskarik lortu ez duten baina maila itzela eman duten batel ugari izan dira denboraldi honetan. Sarritan atarian gelditu dira, laugarren postuan.

Denboraldi historikoa

Palmares izugarria lortu dute aurten harrobiko taldeek; garaipen-zerrenda luzea. 2014-2015 denboraldiko kirol memoria ikustea besterik ez dago: 16 bandera, 2 trofeo, 14 urrezko domina eta 3 brontzezko domina. Historikoa izan da denboraldia. Harrobian jarritako pasioak zenbaki onak eman ditu, garaipen eta poz ugari ekarri, txikienen ilusioa piztu.

Bide onetik abiatu ziren,  eta duela bost urte ekindako bidean aurrera doaz. Gero eta sendoagoa da Orio Arraunketa Elkartearen harrobia, oinarri indartsua baitauka. Gero eta haur gehiago daude. Ilusioa ere etenik gabe ari da hazten. Gero eta arraunlari landuagoak daude; prestatuagoak, abilagoak, teknikoagoak. Eta emaitzak ere hobetuz doaz pixkanaka- pixkanaka.

Ezbairik gabe, orain harrobian ereiteak etorkizunean fruituak emango ditu. Epe-laburreko onurak dira lortutako bandera eta domina guztiak; baina, epe-luzera, egungo lana lehen traineruan islatuko da. Oriotarrez jositako trainerua ikusiko dugu bogan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!