Arrauna 2015

Itzaleko lanak argia eman dio Orioko Arraunketa Elkarteari

Karkara 2015ko ira. 25a, 09:01

Gazteak dira oso. Baina eskarmentu handia daukaten gazteak dira. Mundu mailan erreferente diren arraunlarien aurka lehiatu dira, maila ona erakutsi dute eta Euskal Herrian berak bilakatu dira erreferente.

Ezkutuko lan handia egin dute, urte luzez, Orio Arraunketa Elkarteko aulki mugikorreko arraunlariek. Aulki finkoaren itzalean egoteak zaildu egin du beren ikusgarritasuna. Ordura arteko egindako lanak fruituak eman dizkiete, garaipenak lortu dituzte, eta irabazle izateak Orioko arraunaren erakusleihoaren parte izatea ere ekarri die.

Hauspotu egin nahi izan dute elkartean aulki mugikorra, eta etxekoen garaipenak lagundu egin du horretan. Mundu mailako lehiaketetan protagonista izateak herri mailan aitortza izatea ekarri die. Munduko Txapelketatik lurreratu berri zirenean hitz egin genuen Jon Carazo, Jaime De Haz Iraurgui, Ander Zabala eta Imanol Garmendiarekin. Frantziako Aiguebelette herrian jokatu zuten mundiala, irailean.

Zer nolako esperientzia izan da Mundialekoa?

Jon Carazo:  Emaitza guztiz gogobetekoa izan ez den arren, hau da, nahi ez bezalakoa izan den arren, taldean giro itzela izan dugu. Baloratzeko modukoa da taldekideon artean izan dugun harremana eta aulki mugikorrean egin dugun talde lana hilabete hauetan guztietan.

Jaime De Haz Iraurgui: Gorengo kategorian, absolutuetan, izan naizen lehen mundiala da. Esperientzia berria izan da niretzat. Eta, hori kontuan izanik, gauza asko ikasi ditudala azpimarratuko nuke.

Ander Zabala: Aurtengo mundiala nire lehen munduko txapelketa izan da maila absolutuan, eta aldaketa nahiko nabarmena izan da lehengo urteko mundialekin alderatuta. Hala ere, oso esperientzia ona izan da puntako arraunlarien kontra neurtzea. Gainera, mundial aurre-olinpikoa izanda, talde guztien maila ezin hobea izan da.

Imanol Garmendia: Mundiala ez da aurtengo esperientziarik onena izan. Urtean zehar lan handia egin arren ez dugu helburua lortu. Hala eta guztiz ere esperientzia guztietatik ikasi behar da eta gogotsu gaude hurrengo denboraldirako.

Izan ere, Munduko Txapelketa honetan zenuten helburua Rioko Joko Olinpikoetara sailkatzea zen. Garmendia eta Zabala lemazain gabeko lauko arinean lehiatu zarete; eta Carazo eta De Haz Iraurgi lemazain zortzikoan.

Carazo: Diozun bezala, gure helburua Riora sailkatzea zen, baina zortzikoaren kasuan helburua bestelakoa zen. Lehiatzea zen genuen betebehar bakarra, gure ontzia formakuntzan zegoen ontzia baitzen eta horren aldeko apustua egin baitzuen federazioak.

De Haz Iraurgui: Hori da, zortzikoaren kasuan olinpiadetara sailkatzea ez zen helburua. Taldeko arraunlari gazteenek osatu genuen ontzia, eta helburua etorkizunerako prestatzea zen. Hau da, orain emaitzak lortu ordez etorkizunean lortzea.

Zabala: Gure kasuan, ordea, bai. Lehen aipatu dudan moduan, mundial aurre-olinpikoa izanda, helburua Joko Olinpikoetara sailkatzea zen. 0,6 ehuneneko tartea izan da helburutik kanpo utzi gaituena. Hala ere, hainbat kontu hobetu behar ditugu; hobetu daitezke, hortaz, helburuak bizirik dirau.

Garmendia: Bai, hori zen helburua, eta lortu ez izanak dezente tristatu gaitu. Baina kirola horrela da eta hurrengo urtean lortzeko lana gogoz egingo dugu.

Dena den, beste aukera bat duzue oraindik. Frantziako Aiguebeletten lortu ez dutena Suitzako Luzernan lortu  dezakezue.

Carazo: Hori da. Baina zortzikoak sailkatzeko aukera errealik ez duenez, fokua sailkatu daitezkeen ontzietan jarriko dugu. Laukoak, adibidez, helburuagatik borrokatu dezake eta hori lortzea da jomuga.

De Haz Iraurgui:  Beste ontziak ere ez sailkatzean, zortzikoa osatzen dugun arraunlarietako batek beste txaluparen batean eduki dezake tokia. Baina horretarako lan handia egin beharko dugu, hori lortzea ez da batere erraza.

Zabala: Lan handiko zortzi hilabete ditugu aurretik. Gogor eta zehaztasun handiz lan egin behar dugu hilabete horietan maiatzean maila gorenean egon nahi badugu. Hori izango baita gure azkenengo aukera Rioko Joko Olinpikoetan egoteko.

Garmendia:  Sailkapena ez dugu urruti ikusten. Arazoren bat eduki dugu denboraldiaren azken partean eta hori emaitzan islatu da, eragina izan du. Maiatzean izango da bigarren aukera eta ziur gaude barruan egongo garela.

Lorpen ugari egin dituzue denboraldi honetan eta sona handia ari zarete izaten. Horrek Orion aulki mugikorra indartzen lagundu duela  uste al duzue? Eta aulki mugikorra indartsu ikusten al duzue?

Carazo: Senior  mailako arraunlariak bi modalitateak uztartzera animatzea lorpen bat da. Hau da,tostako arraunketaz gain, aulki mugikorra egitera animatzea pozgarria da, horrek aulki mugikorreko taldea indartzen laguntzen baitu.

De Haz Iraurgui:  Emaitzak izatea lagungarria da beti, taldea promozionatzen laguntzen du. Eta hori ona da, noski. Aulki finkoak Euskal Herrian mugikorrak baino askoz ere indar handiagoa du. Baina ea arraunlariak bi modalitateak uztartzera animatzen diren, hori lortu behar dugu.

Zabala: Denboraldia gustatu litzaigukeen bezala amaitu ez dugun arren, Joko Olinpikoetarako sailkapenarekin, 2014-2015 denboraldiaren irakurketa positiboa egin dezaket. Nazioarteko mailan emaitza onak izan ditugu, nola laukoan hala bikoan. Bestalde, maila nazionalean errendimendu handia izan dugu, Espainiako txapeldunordeak izan baikara. Honek klubean ondorio positiboak izan ditzakeela uste dut. Izan ere, Orioko Arraunketa Elkartea klub garrantzitsua da oso, eta beti da inportantea aulki mugikorrean zein finkoan maila gorenean egotea.  

Garmendia: Kirol guztietan bezala emaitzak daudenean jendea animatu egiten da. Orion aulki mugikorrak nahiko garrantzia dauka eta zortzikoaren tradizio handia dago.  Hala ere, hobetzekoak ere badaude. Baina nire iritziz azken urte hauetako bidetik jarraitu behar dugu, aulki mugikorra indartu egin baita.

Klubaren urteurrena da aurten, 50 urte bete ditu. Beren asmoa aulki mugikorra indartzea zen. Lortu dutela uste al duzue? Nazioarteko estropadak antolatu dituzte...

Carazo: Nazioarteko estropadekin Orio Arraunketa Elkarteak gainontzeko elkarteei  antolatzeko duen gaitasuna handia dela erakutsi die. Horrez gain, kanpoko arraunlariei Oriok duen afizioa erakusteko balio izan du, eta harritu egin ziren dagoen afizioa ikusita.

De Haz Iraurgui: Baietz uste dut, baina hala ere ez zain iruditzen emaitzak epe motzera ikusten direnik. Denbora behar izaten da fruituak jasotzeko.

Zabala: Bai, dudarik gabe. Orioko Nazioarteko estropada berreskuratzeak eragin handia izan du estatu osoan zein beste hainbat lekutan –Frantzia, Ingalaterra, Portugal...–  Ziur nago bide luze baten pausu oso garrantzitsua izan dela.

Garmendia: Aurtengo estropada internazionala sekulako arrakasta izan zen, ikusgarria. Mundu guztiak eskertu du berriz egitea. Azkeneko bi urteetan Espainiako txapelketan izan gara eta, nahiz eta ez irabazi, maila oso ona eman dugula pentsatzen dut. Hori horrela izanda, indartu eta sendotu dela pentsatzen dut.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!