Arrauna 2015

Jon Salsamendi: "Berritzeko bi faktore hartu ditut kontuan: pertsonala eta kirol arlokoa"

Karkara 2015ko ira. 25a, 18:55

Odolean darama arrauna Jon Salsamendik –Orio, 1970–. Lehia ere barru-barruan darama. Irabazteko lehiatzen da. Baina lehiak ez dizkio garaipenak edo porrotak bakarrik ekarri, harreman estuak egin ditu eta etsaiak sortu zaizkio. Hori du arrauna biziki bizitzeak, odol beroa izateak. Baina bizitzaren beste arlotan erabat maitatua izatea dakar pasionala izateak.  

Eskarmentu handiko gizona da Salsamendi. Palada asko eman ondoren aginduak ematera pasa zen oriotarra. Azken urteak Urdaibai taldean eman ditu, eta hurrengo urtean ere Bou Bizkaia trainerua guztietan azkarrena izaten ahaleginduko da.

Zorionak, guztiek desio duten bandera lortu zenuten.

Eskerrik asko.

Bigarren igandean irauli egin zenituzten lehen igandeko emaitzak.

Egia esan, naiz eta tarteak handia zirudien, benetan, txikia zen. Hortaz, ez geneukan aurreko igandeko emaitza iraultzeko planteamendua, estropada irabaztekoa baizik. Izan ere, estropada irabaziz gero, ziurrenik, bandera izango genuela uste genuen. Estropada irabazi, hori zen gure pentsamendua.

Estropada eta gero, guztia hotzean aztertu genuenean, aurreko igandean nahiz eta guk ez genuen denbora onena egin, Hondarribiak adinako estropada edo hobea egin genuela iruditu zaitzaigun. Nahiz eta sailkapenak segundo eta laurogei atzetik gindoazela esan, guk konbentzimendua genuen Hondarribiaren pareko izan ginela. Horrela pentsatzeak animoak eman zizkigun eta berriz ere horrelako estropada bat egitera joan ginen.

Ligan jaun eta jabe izan da Hondarribia. Zuek,  hala ere, estropada bakoitzero estutu diozue garaipena Ama Guadalupekoari.

Guk onartu behar dugu Hondarribia onena izan dela. Hondarribiak hamahiru bandera irabazteko egin behar izan duena, kontuan izanik liga zaila dela, zortea edukitzeaz harago doala. Ezin duzu akatsik egin horrelako emaitzak lortzeko, eta horrenbeste estropadetan akatsik ez egiteak izugarrizko meritua dauka. Hortaz, lehenik eta behin hondarribitarrak txalotu eta zoriondu behar ditut. Benjondeiela.

Guri buruz, esan, guk ligan bigarren izan gara. Ez bosgarren edo seigarren, bigarren. Orduan, nik uste dut gure meritua izan dela irabazi gabe kapaz izatea hausnarketa egiteko eta eman dugun maila bandera eramateko modukoa dela konturatzeko. Estropada askotan bandera irabazteko nibela eman dugu, baina itsasoa itsasoa da eta askotan baldintzatu egiten zaitu.

Horrek ez dio Hondarribiari meriturik kentzen, noski. Baina gu kapaz izan gara bigarren postu horiei –10– benetako balioa emateko. Nahiz eta beti eduki irabazteko gogoa, grina, momentu askotan zaila izaten da bigarren postu horri etekin mentala ateratzea. Gaur ere bigarren izan gaituk, baina gaur ere erakutsi diagu irabazteko gai garela. Hori pentsatzea eta sinestea ez da horren erraza eta lortu dugu.

Estropadako egunean ez gara hotzak izan, berotu egin gara. Baina ondorengo egunetan kapazak izan gara hausnarketa hori egiteko. Gogorra da, baina buruarekin lan asko egin dugu. Ez dugu pentsatu bigarren izatea galtzea denik. Donostiako bigarren igandeari begira egindako irakurketaren antzekoa egin dugu ligan zehar: bigarren bai, baina irabazteko adina lan eginda. Horri heldu diogu eta horrela lortu dugu gure buruak ez aztoratzea.

Talde irabazlea gara. Gure zorionerako hiru txapelketa irabazi ditugu: Euskadikoa, Bizkaikoa eta Espainiakoa. Ligaz kanpoko bandera guztiak irabazi ditugu. Horrek ere lasaitasuna ematen dizu. Baina, esandakoa, ligan argi eta garbi gu baina hobea izan den talde bat egon da. Hori bai, gu baina hobeak izateko errekor guztiak hautsi behar izan ditu: eremutakoak, bandera kopuruak... bestela ez ligukete irabaziko. Azken hamar urtetako Hondarribia onena ikusi da aurten eta hori beren meritua da.

Estropadak amaitzean etxera berotuta joan zaretela aipatu duzu. Zu beroa al zara Jon?

Esan dezakegu nahiko momentuko gizona naizela. Ez dakit hori pasionala izatea den ala ez, baina momentu horretan berotzeko zerbait gertatuz gero, berotu egingo naiz. Aldiz, momentu lasaia bada, lasai egongo naiz.

Oro har, nahiko tipo orekatua naizela uste dut. Emozioak kontrolatzen dakizkit, baina kontrolatu beharra ikusten badut. Askotan ez dut behar hori ikusten, eta, gainera, atera egin behar direla iruditzen zait. Hortaz, momentuaren araberakoa da. Hori bai, saiatzen naiz aktore ez izaten.

Izaera horrek harreman oso onak eta txarrak ekarriko zizkizun...

Txar-txarra ere inorrekin ez daukat. Ez naiz herratsua, ez naiz atzera begiratzen duena... nirekin ondo eramatea erraza da. Beste kontu bat da denek ez dutela interesa izango nirekin harreman ona izaten, baina tira, horrek berdin dit. Momentuan sentitzen duena adierazten duen pertsona naiz, nahiz eta hori guztia oreka baten barruan adierazten dudan.

Horrenbeste garaipen lortzearen giltza lan egiteko metodologia eta bildu den arraunlari taldea dela diote. Zuk ere horrela uste duzu?

Iraupen luzeko proiektuek beti ematen dute etekina, beti. Hondarribia orain ari da fruituak jasotzen. Gertatzen dena da tokiaren eta momentuaren arabera, iraupen luzeko proiektuak ezin direla egin. Batzuek horretarako pazientzia handiagoa dute, Hondarribiak kasu. Hori posible egiteko klubak hankak lurrean eduki baititu, eta emaitzak okerragoak izan direnean proiektuarekin sinesten jarraitu dute.

Egungo Hondarribia azken hamar urteetako onena izan dela. Hori horrela izateko faktore asko uztartu behar izan dira. Batetik, harrobitik etorri diren arraunlariak kalitatezkoak dira eta hori ez da beti gertatzen, belaunaldi guztiak ezberdinak baitira. Bestalde, tripulazio oso ona dauka... Baina, bereziki, hamar hamabost urtetako lana dago horren guztiaren atzean.

Kluba aurrera eramateko sistema bat da Hondarribiarena. Metodologia asko daude eta elkarte bakoitzak berea aukeratzen du.

Zuen lan egiteko modua nolako da?

Bermeok ezaugarri bereziak ditu. Plangintza finkatzerako garaian faktore asko hartu behar direla kontuan: historia, klubaren kokapena, herrian dagoen arraunarekiko kultura, biztanleria kopurua... Ni Bermeora iritsi nintzenean, esan zidaten lehen esaldia hauxe izan zen: Jon, klub hau egunean bizi da. 

Atzetik bere historia du, bereziki azken urteetan sortu duena, baina ezin da alderatu beste klubekin. Hortaz, lehendabizi kokatu egin behar duzu, non zauden jakin; eta, gero, berak daramaten martxan sartu eta ahalik eta etekin handiena ateratzeaz gain, zure aletxoa jartzen ere saiatu.

Ni hiru urte hauetan saiatzen ari naiz etorkizunera begira jartzen. Bermeoko errealitatea zein den eta nondik bideratuko nukeen ikusten ahalegintzen naiz. Txalupa entrenatzeaz aparte egiten ari naizen lana da, lan paraleloa.Eta, egindako lanaren adierazgarri da orain bigarren ontzi bat dagoela KAE-2 mailan lehiatzen. Hori ez da sekula pasa Bermeon. Infantil, kadete eta jubeniletan 50 umetik gora dauzkagu. Momentu honetan eratzen ari garen oinarri horrek ez ditu etekinak ematen lehen traineruan, baina epe luzera begira emango ditu.

Onartu behar da Bermeo klub ezberdina dela eta ni horretara egokitu naiz. Traineruari ahalik eta errendimendu handiena ateratzen ahalegindu naiz, hori eskatu didatelako, baina, bide batez, nik ezagutzen dudanarekin laguntzen saiatzen naiz.

Harrobiak Urdaibain ez dauka horrenbeste garrantzia, ezta?

Garrantzia berbera dauka, baina orain arte egindako lana, bistan denez, ez da berdina izan. Hortaz, batek harrobian altxorra dauka eta besteak gabezia dauka. Horregatik, azpiko lan hori ari gara egiten epe ertain-luzean etekina emateko.

Kontxako estropadetako lehen igandean pankarta bat zegoen - cartera + cantera zioena.

Ez nuen ikusi. Jendea libre da nahi duena adierazteko, baina canterak ere cartera behar du, bestela ezinezkoa da harrobia egitea. Galdetu Athletic-i harrobia zenbat kostatzen zaion eta ohartuko zara diru gabe ezin duzula harrobi sendoa eduki.

Eta, esaten dizut, talde bakoitzak baldintza ezberdinak ditu. Ezin duzu Zierbena eta Kaiku alderatu, edo Getaria eta Orio. Orion baldintza guztiak ematen dira arraun modalitate guztiak jorratzeko. Hori Getarian ezinezkoa da, hortaz, ezin diozu hori eskatu. Talde guztiak daude baldintzatuta. Sistema eta metodologia batek emaitza onak eman arren, jende guztiak ezin du hori aplikatu, bakoitza berera moldatu behar da. 

Hurrengo igandean beste pankarta hau zegoen:  dirua ez da arazoa, etxekoei emandako tratua baizik.

Nork eta nori esaten dion jakin beharko da, lehendabizi. Pankarta hori ere ez nuen ikusi. Dena den, dirua izan edo ez, tratua beti ona izan behar du. Bi gauza idependente iruditzen zaizkit. Diruarekin ere, etxekoari ez badiozu behar duena ematen, gazki zabiltza.

Zuk asko lantzen duzu arraunlariekin, zuzendaritzarekin eta zaleekin duzun harremana?

Bai. Alde batetik, niretzat alde gizatiar hori niretzat oso garrantzitsua delako; eta, bestalde, edozein talde dinamiketan alor guztiak kontrolatu behar dituzu. Gogorra izan arren, esparru guztien nondik norakoak ezagutu behar dituzu. Niretzat, adibidez, arraunlari baten errendimendu fisikotik eta teknikotik %100a ateratzeko, bere egoera pertsonala zein den jakitea ezinbestekoa da. Berak jakitea nahi duen hori, noski, ez gehiago. Talde batean guztiei berdin tratatu behar zaiela esaten da. Ni ez nago ados horrekin. Plano orokor batean bai, baina pertsona bakoitza mundu bat da eta jakin egin behar da bakoitzaren egoera zein den. Berdina exijitu behar zaie, baina horretarako prestakuntzak ezberdina izan behar du.

Zuzendaritzarekin elkarlan zuzena eduki beharra dago, bestela, ohartzerako, kristalak hautsi egiten dira.

Eta, kalera begira, ez baduzu lortzen afizioarekin konexioa edo lotura izatea, egiten duzunak ez du zentzurik. Afizioarekin lotura izateak esan nahi du herria zurekin dagoela eta herriak lagundu egingo zaituela. 

Bakoitza bere neurrian eta bakoitza bere tokian, baina guztiekin harremana izatea oso garrantzitsua da.

Hedabideekin ere harremana duzu, titular asko emandakoa zara. Zer iritzi daukazu azken asteetan hedabideetan esan den guztiaz? Orioko entrenatzaile postua ere eman dizute.

Hedabideek, taberna giron gertatzen den moduan, presa izaten dute. Nobedadeak emateko presa. Eta, guri lanean gertatzen zaigun bezala, presaka egiten ditugunean gauzak hanka sartzen dugu. Zer gertatzen da? Zuk hanka sartu eta erantzukizuna soilik zure bada, hau da, ez badiozu inori min egiten, ez da ezer pasatzen. Baina hanka sartzen duzunean eta hirugarren pertsona bati kalte egiten badiozu, kontuz ibili behar duzu. 

Niri hedabideek deitzen didatenean, normalean, zuzenean hitz egiten dut berekin. Sekula ez diot inori galdetu zer galdetuko didaten. Nahi dutena galdetu dezatela, nik ez diet gezurrik esango, baina informazioa gorde dezaket. Esaten dudana beti da egia. Askotan gertatzen dena da egia esan eta ez didatela sinesten. Hori besteen arazoa da.

Esan bezala, Oriora etor zintezkeela ere esan dute. Aukera hori eduki duzu?

Ez dakit hori nork esan zuen. Hamar urte daramatzat Oriotik kanpo arraun egiten. Urtero deitu dit batek ez bada besteak, gehiago esango dizut, atzerritik ere jaso ditut deiak. Kontua zer da, askotan dei bat daukazula eta nor den jakin gabe hartzen duzula.

Nik, normalean, ez dut ezer esaten negoziaziorik edo aukerarik ez badago. Deitzea naturala eta normala da. Nire kasuan, garrantzitsuena eta nire lehen helburua, Bermeon jarraitzea zen.

Azkenean Urdaibain egongo zara datorren urtean. 

Nire nahia Bermeon jarraitzea zen eta klubak desio berdina zuen. Taldeak bazekien zer gertatu behar zuen horretarako; hori gertatuko balitz nire hitza zuen jarraituko nuela. Gertatu denez, ez dut hitza hautsi eta Bermeon jarraituko dut.

Zuk beti esan duzu faktore baten esperoan zendela hitzez adostutakoa ziurtatzeko.

Nik urtetik urtera hartzen ditut konpromisoak, etxetik kanpo nagoelako. Eta, bestalde, zertarako hartuko ditut epe luzeko proiektuak klubak nirekin ez badu jarraitu nahi? Lehentasuna nagoen klubak dauka. Talde horrek nik jarraitzea nahi badu, hor jarraituko dut.

Eta lehentasun horren baitan bi faktore hartzen ditut kontuan: pertsonala eta kirol arlokoa. Pertsonala etxetik kanpo egotea da eta kirolean nik lehiatuko dudan mailan lehiakor izatea. Arrauna urtetik urtera aldatu daitekenez, bi faktore horiek ziurtatu –edo bideratu– ditzakeena kluba da. Abuztutik irailera horretan lanean aritu da elkartea. Hitzeman nien moduan, jarraitu egingo dut.

Oraindik garaiz izango da helburuak markatzeko, baina anbizio handiko proiektua izatea ezinbestekoa bada, irabaztera joango zara, ezta?

Bai. Aldaketak egongo dira, naturala da. Baina nik uste dut datorren urtean Bermeon izango dugun kirol maila antzekoa izango dela. Beste kontu bat da zenbat garaipen lortuko ditugun, irabazi bakarrak egiten baitu, eta nahiz eta gauzak ondo egin batzuetan ez baita irabazten. Baina, behintzat, saiatu egingo gara.

Askotan esan duzu ingurukoengatik ez balitz ezingo zenukeela zauden lekuan egon.

Noski ezetz. Hiru seme-alaba txiki ditut. Emaztea ama izateaz gain langilea da. Nik Bermeon lana egiteko etxetik arratsaldeko 16:00etan atera behar dut eta gaueko 22:00etan itzultzen naiz. Ordu horietan guztietan etxean gauza asko egin behar dira. Horrez gain, 40.000 kilometro egiten dira denboraldi guztian zehar, joan eta etorri... Gauza asko dira.

Pribilegiatu bat naiz dudan kirol aukeragatik, baina pertsonalki gogorra da. Ni prest nago gogortasun hori neregain hartzeko, baina ingurukoei ez diet kalterik eragin nahi. Urtero laguntza totala ematen didate etxean, baina nik urtero begiratu behar dut zenbat kalte egiten ari naizen. Urteroko hausnarketa da hori... 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!